Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako buruak azken belaunaldiko suhiltzaile-kamioi bat eman dio Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua den Ibone Bengoetxeari; Suhiltzaile Zerbitzuko kideek erabiliko dute erakunde bi horien artean sinatutako lankidetzazko hitzarmenari esker lortu den kamioi hori.
Ibilgailu berezi horren izen teknikoa hiri ponpa astuna da eta berez dituen ezaugarri teknikoen artean aipatzekoa da karrozeria egiteko erabili den material berria, ecopolyfire deritzona, erresistentzia handi-handikoa, goi-mailako prestazio mekaniko eta kimikoak eskaintzen dituena, eta ingurumenarekiko errespetu edo begirune handikoa. Gainera, Scania jatorrika duen Estatu mailako kabina bikoitz apurretako bat du, suhiltzaileentzako kamioetarako beren beregi diseinatua.
Lankidetzazko hitzarmena
1996. urteaz gero, Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarren artean sinatuta duten lankidetzazko hitzarmenaren barruan kokatu behar da zuzkidura hau; hitzarmen horri esker, Aldundiko suhiltzaileak “Bilboko Portuan Esku-hartzeko Talde” legez daude eratuta, Portuaren Aurreproiektuari buruzko Planean jasotzen denez. Bilboko Portuko Agintaritzak, berriz, Aldundiko suhiltzaileei portuan gerta daitezkeen ezbeharretan esku-hartzeko beharrezko ekipo teknikok eta prestakuntza berezia (haren ezaugarri bereziak kontuan hartuta) eskaintzeko konpromisoa du hartuta.
Hitzarmen horri esker, Bilboko Portua Estatuko Portuen Sistemaren barruan lehen-lehen mailako tokian dago
merkataritzako gai arriskutsuek eragin ditzaketen balizko ezbeharrei aurre egiteko gaitasun-mailari dagokionez.
Hitzarmen hori 2011. urtean sinatu zen eta bost urteko indarraldia du. Epe horren barruan, Bilboko Portuko Agintaritzak 375.000 euroko balioa duen kamioi horren erosketaz gain, beste hainbat material eskuratu ditu suhiltzaileentzat. esku-hartzeko arropa bereziak, PBI motako ehunekoa, besteak beste NASAko astronautek eta Nueva Yorkeko suhiltzaileek erabili ohi dutena. Arropa horiek eskuratzeko egindako inbertsioa 450.000 eurokoa izan zen. Halaber, hitzarmen honen kontura baita ere, aurreko ekitaldietan, merkataritzako gai arriskuen isurketa bat gertatzen denean esku-hartzeko Rolltrailer bat eskuratu da, baita altueretan egindako esku-hartzeetan jaisteko materiala ere.
Azken lau urteotan, guztira, 1.081.322 euroko inbertsioa egin du Bilboko Portuko Agintaritzak Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzurako ekipamendutan.