Aurreko bisitetan izandako harremanari eusteko eta sakontzeko, Bilboko Portuko Agintaritzak, Kanpo Merkataritzaren Mexikoko Enpresa Kontseiluarekin (COMCE) eta Euskadiko Delegazioarekin batera, mintegi bat egingo du Mexiko Hirian, urriaren 1ean, “Bilboko Portua, Europarekiko zubi atlantikoa” izenburupean.
Bilboko Portuaren laugarren merkatua da Mexiko; Erresuma Batua, AEB eta Errusia baino ez ditu aurretik. Iaz, 2 milioi tona inguru eraman ziren toki batetik bestera, ontziratu gabeko likidoak gehienak.
Hain zuzen ere, helburu hau du topaketak: “Beste trafiko batzuk erakartzea eta kontainerretan garraiatzen den merkantziaren eta merkantzia arruntaren trafikoaren hazkundea sustatzea. Halaber, gaur egungo eta etorkizuneko portu-eremuak merkaturatuko ditugu, erakunde batzuen esperientzia arrakastatsuan oinarrituta; adibidez, Gamesak, iaz, portuan instalatu zuen bere hub logistikoa”, adierazi dute Portuko Agintaritzatik.
Topaketan parte hartuko dute, Portuko Agintaritzaren izenean, hango lehendakari Asier Atutxak eta Eragiketetako, Arlo Komertzialeko eta Logistikako zuzendari Luis Gabiolak. Hauek ere esku hartuko dute: Euskadiren Mexikoko Delegazioaren Enpresa Arloko zuzendari Irakusne Inciertek, COMCEko Mexiko-Espainia
Enpresa Batzordeko lehendakariorde Manuel Llacak eta Kanpo Merkataritzako Korporazioko (CICE) Portu eta Logistika Operadorearen Negozioetako eta Harreman Instituzionaletako zuzendari Arturo Cors de la Fuentek. Orobat, hitzorduan izango dira Bilboko Portuarekin lan egiten duten zenbait enpresa; adibidez, Acciona, Bergé Logística, Erhardt, Marmedsa/Noatum, MSC, Sparber eta Vasco Catalana.
Mexikoko enpresen aldetik, sektore hauetako ordezkariek hartuko dute parte: eolikoa, automobilgintza, elikagaiak, makineria, produktu kimikoak, eta itsas garraioa eta logistikoa.