Bilboko Portuko Agintaritza oso pozik dago Bilboko Portuaren aspaldiko aldarrikapenetako bat sustatzeko eta egia bihurtzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Sustapen Ministerioaren artean lortutako akordioa dela eta: merkantzietarako hegoaldeko bariantea egitea, bidaiariak eta merkantziak bereizteko balioko duena.
Bilboko Portuarentzat ezinbestekoa da bai errepidez bai trenbidez komunikazio onak edukitzea, trafiko eta merkatu gehiago erakartzeko, eta, azken batean, lehiakorragoak izateko eta aberastasun eta enplegu gehiago sortu ahal izateko. Eta horretarako funtsezkoa da tren-sarbideak hobetzea.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantza Tapiak gaur aditzera eman duen akordioari esker, trenez portura merkantzia gehiago sartzeko/ateratzeko aukera emango duen azpiegitura bat eraikiko da, eta, aldi berean, merkantzia-trenek Ezkerraldeko herritarrei sortzen dizkieten eragozpenak saihestuko dira, eta Santurtzik herritarren erabilerarako berreskuratuko du trenbidea.
Portuko trenbide-trafikoa
Bilboko Portutik trenez sartzen eta ateratzen den trafikoa pixkanaka handituz doa azken urteetan. 2016an, % 20 tona gehiago sartu edo atera ziren trenez.
4.578 tren ibili ziren (+% 9), eta haietatik 3.786 portuko terminaletara joan ziren (+% 11) Garraio-mota hori erabiltzen duen karga lehorra % 19 da, eta kontainerrena, berriz, % 21.