Gosasun Zigiluen sari nagusia eskuratu du
Bilboko Portuko Agintaritzak Gosasun Zigiluen hirugarren maila eskuratu du gaur, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatzen duen programa horretako sari nagusia, lanean bizi-ohitura osasungarriak hartzea sustatzeagatik hiru ardatz hauetan: elikadura, jarduera fisikoa eta osasun emozionala.
Portu Osasuntsua izeneko programa zabal eta aitzindariagatik saritu dute erakundea. Langileen ongizate fisiko, mental eta soziokulturala babesten, sustatzen eta laguntzen duen ekimen bat da Portu Osasuntsua. Sari nagusia emateko, epaimahaiak halaber balioetsi du programa sartuta egotea erakundearen kudeaketa-sisteman, jarduera beste ingurune eta erakunde batzuetan aplikatzeko modukoa izatea eta ekimen berria eta originala izatea.
Hori lortzeko, Bilboko Portuko Agintaritzak hainbat jarduera jarri ditu martxan; besteak beste, hauek:
- Odola eta hezur-muina emateko ekintzak.
- Ekintza solidarioak.
- Informazio-ekintzak langileen web-orrian.
- Zenbait trebakuntza-ekintza eta hitzaldi espezialistekin.
- Elikadura osasungarriaren programa: dietista baten informazio-saioak, menu osasungarriak kafetegian, vending osasungarria, garaian garaiko fruta espazio komunetan. Horretarako, FOOD proiektuaren, NAOS estrategiaren eta SLOW FOOD mugimenduaren gomendioei jarraitu zaie, eta, ahal izan den neurrian, bidezko merkataritza baliatu da.
- Jarduera fisikoa sustatzeko programa: kirola egiteko irteerak asteburuetan, lasterketa herrikoiak eta familian parte hartzeko lasterketak egitea, errelebokako triatloia, hurbileko ibilaldiak, kiroldegirako diru-laguntzak eta abar.
- Prebentzio-kanpainak: koloneko minbizia, prostatako minbizia eta tiroideetako gaixotasunak prebenitzeko eta gripearen aurkako txertoa hartzeko.
- Portu bihotz-osasungarriaren 2014-2017ko estrategia, 2011n eskuratutako eremu kardiobabestuaren ziurtagiriaren jarraipen gisa.
- Berdintasun-plana.
- Euskara-plana.
- Laneko jazarpena prebenitzeko protokoloa.
Gosasun Zigilua jasotzen duten jarduerak ez dira erakunde sustatzaileen ohiko jardueran sartzen, eta erakundeen erantzukizunetik haragokoak dira. Modu sistematikoan egiten dira programa horiek, eta modu integralean sustatzen dute osasuna. GOSASUN eragileek Euskadin osasuna sustatzeko duten konpromisoa aintzatesteko modu bat da GOSASUN Zigilua.