Bilboko Portuko Agintaritzak Arasurreko tren-bazterbidea eraikitzeko proiektuaren obrak lizitatu ditu, 7.651.877 euroan (BEZa sartu gabe). Eskaintzak aurkezteko epea otsailaren 8an bukatuko da.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten martxoan Arabako plataforma logistiko horretan Bilboko Portuaren tren-base operatibo bat instalatzeko, eta haren emaitza da obra. Hitzarmen horretan erabaki zen moduan, Portuko Agintaritzak obrak izapidetuko eta kontratatuko ditu, eta hiru erakundeek hartuko dute parte finantziazioan.
Tren- eta portu-konexio berri hori, batetik, Arasurreko plataforma logistikorako aukera estrategiko bat da, eta Euskadiko nodo logistiko nagusien interkonexioa eta garraio-azpiegiturak sustatuko ditu. Bestetik, onura dakarkie Bilboko Portuko interesei, plataforma logistiko estrategiko batean ari baita parte hartzen; lagungarria izango da hori portu-trafikoak erakartzeko edo finkatzeko, eta, beraz, portuaren lehiakortasuna bultzatuko du.
Instalazio berri horiekin, Arabak —eta EAE guztiak— Europar Batasunaren garapenari jarraitzen diote, betiere aprobetxaturik kokapen geografiko ezin hobea, garraiorako intermodalitate-baldintzak eta plataforma logistiko oso lehiakorrak dituela.
ADIFekiko eta Talgorekiko hitzarmena
Lizitazioa egin aurreko urrats gisa, Portuko Agintaritzak ADIFen baimena lortzeko baldintzak sinatu ditu, eta hitzarmen bat sinatu du Talgorekin, Interes Orokorreko Trenbidearekiko konexioa erabiltzeko.
Halaber, abenduaren hasieran, 68.405 m2-ko eremu bat erosi zuen, 3 milioi euroren truke.