Enpresa Osasuntsuaren II. Sariek, arlo honetako Espainiako ospetsuenek —PSYAk, ORH Giza Baliabideen Behatokiak eta eSaludablek antolatuak— Bilboko Portuko Agintaritza saritu dute, eta “Osasunaren kontrolerako programa onena” aipamen berezia egin diote, osasuna sustatzeko programaren barruan egindako lana aintzatetsiz.
Bilboko PAk erabaki du laneko arriskuen prebentzioko esku-hartzeetan txertatzea osasunaren sustapena, Portu Osasuntsua programaren bidez. Enpresan osasun-programak antolatzeko eta martxan jartzeko behar den esparru kontzeptuala finkatzen du programa horrek, eta, halaber, eragile garrantzitsu guztiek parte hartzeko eta laguntzeko kanalak ezartzen ditu.
Proiektuak helburu orokor hau du: lan-ingurune osasungarri bat lortzea, OMEk Luxenburgoko adierazpenean jasotzen duenari jarraikiz. Askotariko jarduerak eta kanpainak daude proiektuaren barruan, osasun-estrategia orokorretan oinarrituak. Erakundean aurkitutako gabeziak konpontzeko edo langileek berek eskatutako alderdiak hobetzeko diseinatu dira estrategia horiek.
Besteak beste, hauek ari dira garatzen:
• Bihotz-hodietako gaixotasuna prebenitzeko eta ohitura bihotz-osasungarriak sustatzeko estrategia
• Elikadura osasungarriaren programa
• Ariketa fisikoaren programa
• Kolon-ondesteetako minbizia prebenitzeko kanpaina
• Prostatako minbizia prebenitzeko kanpaina
• Tiroideetako gaixotasunak prebenitzeko kanpaina
• Bat-bateko heriotza prebenitzeko kanpaina
• Odola emateko ekintzak
• Hezur-muina emateko ekintza
• Informazio- eta trebakuntza-hitzaldiak
Espainia guztiko 38 proiektu aurkeztu dira sari horietara, eta, besteak beste, enpresa hauek saritu dituzte: Banco Santander, Orange, BMW Ibérica, Galp Energía, Espainiako BASF, Adecco taldea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa (UAB).
Bilboko PA izan da Euskadiko enpresa saritu bakarra, eta Prebentzio eta Ingurumen Saileko buru Alberto Ojangurenek eta Osasuna Sustatzeko Proiektuko arduradun Joseba Gotzon Calvo Larrondok jaso dute saria, erakundearen izenean.
Sari horrez gain, Gosasunek aintzatespen bat ere eman zion uztailean, hirugarren mailako zigilua duena (maila gorena). Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatutako mugimendu bat da, lanean bizitza osasungarri bateko ohiturak sustatzearen alde egiten duena, eta funtsezko hiru ardatz ditu: elikadura, jarduera fisikoa eta osasun emozionala.