Lanak kontratu bakarrean bildu dira, eta 74 milioi euroko aurrekontu orokorra dute; Europako Batasunak diruz lagunduko ditu.
Lanak egiteko 34 hilabete behar izan dira, eta kontrolatutako 330 leherketa egin dira.
Harrobi zaharreko tunel bat eta bi putzu erabili dira hondakinak kentzeko, teknika berritzaile eta ingurumen-hobekuntza gisa.
Bilboko Portuko Agintaritzak 2016ko azaroaren bukaeratik dihardu Bilboko Portuko Erdialdeko Kai Muturraren lehen faseko lanak eta Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanak egiten, eta irailean zehar burutuko ditu, aurreikusitako epea baino hiru hilabete lehenago.
Teknika-, ingurumen- eta finantza-arloko abantailak kontuan hartuta, eta obrak batera egin direnez, kontratu bakar batean sartu dira. Aurrekontu orokorra 74 milioi eurokoa da. Europako Batzordeak zenbatekoaren % 20 jarriko du, Connecting Europe Facility (CEF) programaren barruan, eta gainerakoa Portuko Agintaritzaren funtsen bidez ordainduko da. Zenbateko horretatik, % 11 inguru harrobia egonkortzeko lanetara bideratu da, hau da, 8 milioi inguru.
Beraz, lehiaketa publiko bakar batean esleitutako lanak Trabajos y Obras (SATO), Construcciones Adolfo Sobrino eta Excavaciones Viuda de Sáinz enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak egin ditu.
Erdialdeko Kai Muturraren lehen fasea
Kai berriari “erdialdeko kai-muturra” deitzen zaio, kokapenagatik; izan ere, Zierbenako dikeak eta kontradikeak babestutako gunean dago, eta oso-osorik aprobetxatuko da. Lehen faseko obren bidez, itsasoari 334.000 m2-ko azalera eta 1.081 m-ko atrakatze-lerroa —zeina 21 m sakon baita— irabazi zaizkio. Lortutako azalera kaiak izango dituen 600.000 m2-en erdia baino zerbait gehiago da.
Honako lan hauek egin dira:
- 25 m puntaleko, 55 m luzerako eta 17 m zabalerako 22 kaxoi eraiki dira.
- Lehen etapan, 1,5 milioi m3 material erauzi eta jalki dira; material horretatik, %50 Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanetako soberakinak dira.
- Portuko jabaritzako eremu urrunenetik harea ateratzea; Punta Luceroko dikearen aurretik, hain zuzen. Bigarren etapa honetan, 6,5 milioi metro kubiko atera dira.
Itsas hondoko bankuetatik hartutako hondarrezko betegarriek eta kai-proiektuak badute ingurumen-inpaktuaren nahitaezko azterketa (AZTI, 2011ko urria), eta ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko adierazpena, 2013ko apirilaren 17ko ebazpen-datakoa. Betegarri horiek eremu horretan dagoen hondar-banku totalaren % 15 baino ez dira.
Portuko azpiegitura berri horren lanak 2019ko irailean amaituko dira, eta 2020an egingo diren urbanizazio-lanak geratuko dira egiteke.
Harrobi zaharra egonkortzeko lanak
Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanen helburua da azken urteotan sortutako luiziei eta harrizko blokeen erorketei aurre egitea. Lanen eraginkortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko, eta zenbait azterketa egin ondoren eta enpresa aditu batzuen aholkuak jaso eta gero, eremua “orraztea” erabaki zen. Orrazteak esan nahi du kotarik altuenetik hasi eta baxueneraino leherketa txiki eta kontrolatu batzuk eta beste lan gehigarri batzuk egitea. Guztira, 325 leherketa egin dira, hilean batez beste 10 edo 15, eta irailean beste 5 egitea aurreikusten da.
Leherketa bakoitza seinale akustiko batez iragarri da aldez aurretik, obra-eremutik hurbil dauden portuko instalazioak ohartarazteko, eta Eusko Jaurlaritzako Energia, Meatzaritza eta Industria Administrazioko Zuzendaritzak gainbegiratu ditu lanak.
Leherketa horietarako erabili den teknika lehenago ere erabili izan da, BI-625 errepidean —AP8a Arrigorriaga Zaratamoko loturarekin lotzen den inguruan— eta Toledoko alde zaharrean.
Punta Luceroko harrobi zaharra Zierbenan dago, eta Bilboko Portua hedatzeko materiala lortzeko ustiatu zen 1970eko hamarkadatik duela 20 bat urtera arte. Orduz geroztik, ez da handik materialik erauzi, portuko azpiegituretarako behar izan diren materialak portutik gertu dauden harrobi komertzialetatik edo gertuko beste obra batzuetatik lortu baitira.
Parterik handienean itxura egonkorra zuen eta ez zuen arazorik eragiten, arroka-lauzen posizioak eta inklinazioak eragin nabarmena duten eremu batean izan ezik; eremu hori narriatzen ari da pixkanaka, euriaren eta tenperaturen eraginez. Eremu horretako luizien eraginez, itxi egin behar izan dute behetik pasatzen den bidea, segurtasun-arrazoiak direla eta, eta hormigoizko blokeak jarri behar izan dituzte, hegalean mugitzen diren harriak produktu petrokimikoen biltegietaraino ez daitezen iritsi.
Hartutako neurri horiek behin-behinekoak ziren, eta beharrezkoa zen inguruneari soluzio iraunkor bat ematea; hala, portuko jarduerak behar bezala gauzatzeko behar den segurtasuna lortuko da; bai bidean kamioiak ibiltzeko, bai ontziratu gabeko likidoak biltegiratzeko.
Horregatik, kaltetutako eremuaren aurretiazko azterketa bat egitea erabaki zen, eta ondoren hura garatzea hegalari egonkortasuna emateko konponbideekin, zenbait faktore kontuan izanda, hala nola segurtasuna eta iraunkortasuna. Ainguraketa eta sare bidez eusteko aukerak baztertu egin ziren, epe ertain eta luzera ez ziotelako ondo eutsiko; beraz, erabaki zen eremu horretan hegala gutxi gorabehera 170 m-ko altueran birprofilatuz egonkortzea, 4 hektareako azaleran. Horretarako, 15 m-ko altuera duten ezpondak eta 5-6 m zabal diren berma egokiak jarri dira, lehen esan bezala, segurtasuna eta iraunkortasuna epe luzean bermatzeko. Birprofilaketa hori leherketen bidez induskatuz egin da, eta 900.000 m3-ko material-soberakina sortu du. Material hori kendu, garraiatu eta beste puntu batean jalki da; kasu honetan, Kai-mutur Nagusian.