Bilboko Portuko Agintaritzak Logistop-ek eta Deusto-Tech-ek antolatutako “Zirkulartasun-estrategiak portuko logistika-ekosisteman” webinarrean parte hartu du. Bertan, ekonomia zirkularra portu-sisteman txertatzeko dauden aukerak aztertu dira, ebidentzietan oinarritutako praktika onak garatuz.
Ibai Uria BPAko segurtasun- eta ingurumen-arduradunak Bilboko Portuan egiten diren ekimenak azaldu ditu. Ibai Uriak, lehenik eta behin, hondakinen gaikako bilketaren eta balorizazioaren garrantzia gogorarazi du, baita hondakin-motaren arabera MARPOL hondakinei ematen zaien tratamenduaren garrantzia ere. Era berean, nabigazio-bideetako dragatze-materialaren kudeaketa eta handitze-obretan eta -proiektuetan nola erabili den; egonkortze-proiektua dela eta Punta Luceroko harrobiko soberako materialaren aprobetxamendua eta kai-mutur nagusia handitzeko obretarako haren erabilera; eta agregakin ez-naturalei (agregakin siderurgikoak, RCD, RAP) ematen zaien bigarren bizitza – hormigoia eta bide-zoruak fabrikatzeko berrerabiltzean eta BPAren obretan eta proiektuetan erabiltzean (1.150.000 tona baino gehiago izan dira 2007tik) – azaldu du.
Era berean, Portuan kanpoko obretako lurrak eta harrizko materiala onartzen direla nabarmendu du, bai eta handitze-obretako betegarri gisa erabiltzea ere, baldin eta geotekniak eta ingurumenak eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Segurtasun- eta ingurumen-arduradunak, azkenik, lantzen ari den proiektu berritzaile baten berri eman du: Zierbenako harrobian tratamendu-
instalazio bat jartzea, lurra erabili ahal izateko egonkortze- eta solidotze-teknikak aplikatu ahal izateko, etorkizunean erabilera publikoa izan ahal izateko.
Mintegi horretan parte hartu dute, halaber, Fundación ValenciaPort-eko Portuko Klusterraren berrikuntza- eta garapen-taldeko Jorge Larak;, CARTIFeko ikertzailea Sergio Sanz Bedatek, eta Sea & Ports-eko Assistant zuzendari nagusia Federico Barrerasek. Moderatzailea Logistop-eko zuzendari kudeatzailea Tomás de la Vega, eta Logistop-eko ekonomia zirkularreko lantaldeko burua eta Deustu Tech-eko zuzendari teknikoa Pilar Elejoste izan dira.