Bilboko Portuko Agintaritzaren 2023-2026 Plan estrategikoak Bilbao portu berde, lehiakor eta arduratsu bihurtzeko bidea adierazten du. Hiru premisa horietan oinarrituta, Bilboko Portua kudeatzen duen erakundeak hiru balio-proposamen egiten ditu: portuko bezeroak bultzatzea eta haiei laguntzea energia-trantsizioak eragindako inpaktuei aurre egiten; lurraldeko industriaren lehiakortasunari eustea, azpiegiturak eta zerbitzuak haien behar eta eskakizunetara egokituz; eta ingurune sozial eta ekonomikoari laguntzeko ahalegina areagotzea, gizartearen aurrean balioa emango zaiela bermatzeko.
Plana portuko komunitateko ordezkaritza zabal baten aurrean ofizialki egindako aurkezpenean, Ricardo Barkala presidenteak adierazi du jarraitu beharreko estrategiaren barruan Portuko bezeroen lehiakortasuna bultzatzea dela helburua, eta, horrela, haren eragin-eremuaren garapen sozioekonomiko jasangarriari laguntzea. Xede hori Atlantikoko ardatzarekiko kate logistikoetan erreferentzia-portua izatearen ikuspegitik gauzatuko da, eta ekonomia- eta enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzen lagunduko du, balio erantsiko zerbitzu jasangarriak emanez. Balioak hauek izango dira: bezeroarenganako orientazioa; lankidetzaren kultura; pertsonekiko konpromisoa; bikaintasuna, etika eta profesionaltasuna; eta jasangarritasun soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa.
Horrekin guztiarekin, datozen lau urteetarako plan estrategikoaren barruan bost ardatz zehazten dira, hiru kanpokoak eta bi barnekoak, eta 2026rako helburu batzuk:
- Ingurumen-erreferentea: Portuaren trantsizio energetikoa sustatzea, ingurumen-jasangarritasuna lehiakortasunerako faktore kritikotzat hartuta. Hori dela eta, deskarbonizazio-helburu hau ezarri da: CO2-emisioak % 40 murriztea; kaien % 30 elektrifikatzea (OPS); eta 30 MW instalatzea autosorkuntzarako.
- Espezializazio adimenduna eta balio-sorkuntza: Bilboko portua Atlantikoko zirkulazioaren erreferente bihurtzea, hazkunde-aukera berriak atzematen diren bitartean eta Lurralderako balio-sorkuntza maximizatzen den bitartean. Helburu da ro-ro trafikoa bikoiztea, edukiontzietako trafikoa % 30 handitzea eta ontziratu gabeko produktuak bi milioi tona handitzea.
- Zerbitzu eta azpiegitura bereizgarriak: balio erantsi handiko zerbitzuen eskaintza indartzea, bezeroentzat balioa sortzeko (digitalizazioa, azpiegiturak). Horretarako, leihatila bakar prediktibo batean eta garapen estrategikoak osatzen (Kai-mutur Nagusia eta AZ1) lan egiten da.
- Pertsonak, jakintza eta talentua: BPAren etorkizuneko gaitasunak garatzea, eta horrela jakintzaren transferentzia eta talentu berriaren erakarpena bermatuko da.
- Jasangarritasun ekonomiko-finantzarioa: ekonomia- eta finantza-orekari eusten zaiola bermatzea, zorpetze kontrolatuarekin eta inbertsio-ahaleginarekin, BPArena bakarrik, 200 milioi euro ingurukoa 2023-2026 aldian.
Joeren azterketa, elkarrizketak eta Esparru Estrategikoa
Plana egiteko, 2030erako etorkizuneko joeren azterketa sakona egin da, baita 2050erako ikuspegia eta Portuan bertan izango dituzten ondorioena ere. Ikerketaren arabera, zazpi makro-joera daude kanpo-mailan: jasangarritasuna eta trantsizio energetikoa, digitalizazioa, kate logistikoen integrazioa, itsasoko ibilbide berriak, estatuko araudiak, aldaketa sozioekonomikoak eta ESGa (ingurumen-, gizarte- eta gobernantza-alderdien pisua handitzea Portuko Agintarien erabakietan).
Barne-mailan, lau erronka estrategiko hauek identifikatzen dira: antolakuntza-eredua, lan egiteko modua eta gaitasunak; berrikuntza eta digitalizazioa; komunikazio korporatiboa; eta egoera ekonomiko-finantzarioa.
Aldi berean, hausnarketa estrategikoa partaidetza-prozesu batean oinarrituta egin da. Prozesu horretan, BPAren arlo eta sail guztiez gain, portuko komunitateko 70 ordezkari eta interes-talde baino gehiago kontsultatu dira, hala nola kontsignatarioak, operadoreak, garraiolariak, ontzi-enpresak, garraio-kudeatzaileak, industria-kudeatzaileak, zamaketariak, zerbitzu tekniko-nautikoak eta erlazionatutako erakunde publikoak. Era berean, Plana bat dator Estatuko Portuen erakundeak taxututako eta iazko abenduan onartutako Esparru Estrategikoarekin.