Aintzatespen hori duen Espainiako lehen portu-agintaritza da, eta Bizkaiko lehenengo enpresetako bat
Bilboko Portuko Agintaritzak dibulgaziozko jardunaldi bat egin du eremu kardiobabestu gisa duen esperientziaren berri emateko eta kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak izateak dakartzan abantailak azaltzeko.
50 bat enpresa-ordezkari joan dira jardunaldira: portukoak —Acideka, Bahía de Bizkaia Gas y Electricidad, Befesa Valorización de Azufre, Fertiberia, Intertek Ibérica, Noatum Container Terminal Bilbao eta Sociedad de Estiba y Desestiba—, kanpoko enpresetakoak —Bridgestone Hispania, Cruz Roja, Iberdrola eta Mutualia— eta beste portu batzuetakoak, hala nola Valentziakoak.
Bilboko Portuko Agintaritzak, 2013ko martxoan, eremu kardiobabestuaren ziurtagiria lortu zuen, Medikuntzako eta Laneko Segurtasuneko Espainiako Elkarteak (Sociedad Española de Medicina y Seguridad en el Trabajo, SEMST) emana. Ziurtagiri horri esker, Bilboko Itsas Portuak urrats bat gehiago egin zuen segurtasun-politikaren eta laneko osasunaren arloan, eta interes orokorreko portu-sistemaren buru bihurtu zen arlo horretan, aintzatespen hori duen Espainiako lehen portu-agintaritza baita. Halaber, erreferente bihurtu zen Bizkaiko enpresen artean, haien artean aitzindaria baita.
Bilboko Portuko Agintaritzak, zeinak 270 langile baititu, langileekin egindako laneko osasuneko kanpaina prebentiboen barruan, eta instalazioen, baliabideen eskuragarritasunaren eta langile-fluxuaren analisi zehatz bat egin ondoren, bederatzi desfibriladore erdiautomatiko instalatu ditu Santurtziko, Bilboko, Getxoko eta Zierbenako zentroetan eta administrazio-bulegoetan, eta, hala, langileen % 80 gailu horietatik hiru minutu baino gutxiagora dago.
Bestalde, portuko beste langile eta enpresa askorentzako onurak dakartza ekimen honek. Izan ere, behar izanez gero, egunero portuan bertan lan egiten duten beste enpresa batzuetako langile gehienak artatu ditzake. Kalkuluen arabera, portu-barrutitik 5.000 pertsona inguru pasatzen dira, eta desfibriladoreek aukera ematen
dute langile horietako asko artatzeko eta, behar izanez gero, desfibrilazioa aplikatzeko. Izan ere, Portuko Agintaritzaren ekipoez gain, beste lau enpresak ere bat egin dute proiektu honekin, eta beren desfibriladoreak instalatu dituzte; kanpoko 15 desfibriladore erdiautomatiko, hain zuzen.
Enpresekin dibulgaziozko lehen jarduera egin ondoren, Portuko Agintaritzak osasun-langileentzako bi jardunaldi egin ditu. Lehen jardunaldia BPAko bertako bulegoetan lan egiten dutenentzat izan da, eta, bigarrena, berriz, portuko jabari publikoetako instalazioetan lan egiten dutenentzat. Hiru saio horiek bukatzeko, sei orduko ikastaro bat egin dute, Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuak emana.