Jadanik eginda dagoen proiektuak Barazar eta Usansolo artean hamaika bazterbide egitea aurreikusten du
Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak irisgarritasun-gaien inguruko beren lankidetza hedatuko dute, N-240 errepidean garraio berezientzako bazterbideak egiteko akordio baten sinaduraren bidez. Jadanik Aldundiaren Gobernu Kontseiluan onartu den akordio hori Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak eta Estatuko Portuek berretsi beharko dute.
Proiektuak Zeanuritik Bediara doan tartean geldialdi teknikorako hamaika gune egokitu nahi ditu. Bilboko noranzkoan guztiak.
Ricardo Barkala Portuko Agintaritzaren lehendakariak positibotzat jo du eragozpen horiek konpontzeko Aldundiarekin egindako lankidetza. “Akordio hori —azaldu du—, Portuaren irisgarritasuna hobetzen, trafikoaren arintasuna handitzen eta gure enpresen lehiakortasuna babesten duten sinergiak aprobetxatze aldera Portuak eta foru erakundeak aurretik sinatu duten beste akordio batzuei gehitzen zaie”.
Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak eskerrak eman ditu, era berean, Bilboko Portuak “Portutik irten diren edo bertara iritsi diren salgaien trafikoak foru errepideen saren dituen ondorioak arintzeko” izandako inplikazioarengatik. Pradalesk aurreratu du hitzarmenean honako hau jasotzen dela: “Bizkaiko Foru Aldundiak eraikuntza-proiektuaren ardura hartuko du; bai eta beharrezko lursailak lortzeko eta ibilgailu berezientzako hamaika bazterbideak gauzatzeko kontratua lizitatzeko ardura ere”. Portuko Agintaritza, bestalde, horren finantzazioaz arduratuko da.
Obrak 2020ko azaroan adjudikatzea aurreikusten da. 2021eko otsailean obrak hasiko lirateke, zeinak 19 hilabeteko epean gauzatu behar baitiren.
Proiektuen zamaketan espezializatutako portua
Bilbokoa proiektuen zamaketan espezilizatutako portu bat da. 2019an 4.099 pieza berezi jaso zituen. Pisu handiena zuenak 500 tona pisatzen zituen; luzeenak 70 m neurtzen zituen; zabalenak 7,5 m-ko zabalera zuen eta altuenak 8 m-ko altuera zuen.
N-240 Tarragona – Bilbo errepidea, Barazartik, lehentasunezko intereseko sareko bide bat da eta, guztira, Bizkaiko 32,9 kilometro zeharkatzen ditu 23+050 KParen (Arabarekin mugan) eta 55+770 KParen (El Gallo) artean.
Mesetatik garraio-terminal handietara (nagusiki, Bilboko Portua, baina baita aireportua eta salgaien garraiorako eremu logistikoak) sartzeko bide nagusietako bat da eta intentsitate altuko trafiko astuna jasaten du. Batez besteko intentsitatea, eguneko, 5.000 ibilgailu ingurukoa da Barazar eta Zeanuri arteko tartean (% 33 ibilgailu astunak) eta 15.700 ibilgailu ingurukoa Lemoa eta Usansolo arteko tartean (% 13 ibilgailu astunak). Tartearen arabera, errepide horretatik, egunean, 2.100 eta 3.500 kamoi bitartean igarotzen dira.
N-240 errepidea, gainera, garraio bereziek asko erabiltzen duten errepidea da, ez duelako bidesaririk eta mota horretako piezak (bereziki, eolikoak) egiten dituzten enpresen eta Bilboko Portuaren arteko ibilbide nagusia delako. Nolanahi ere, N-240 errepidean baldintza txarrak daude, garraiobide horren eta Bilboko Portuaren lehiakortasuna urritu dezaketenak. Alde batetik, kamioien igarotzeak eragozpenak sortzen ditu hiriguneetan eta ohiko erabiltzaileen eta garraiolarien zirkulazioan, izan ere, garraiobide horiek, tamaina handia eta abiadura baxua direla eta, Arratiako eskualdean trafikoa pilatzea eragiten dute, bereziki, eguneko ordu gorietan.
Gainera, zirkulazioko zailtasun horiek industria-sareak lehiakortasuna galtzea ekar dezakete eta, ondorioz, Portuko bezeroen eskaerari eragingo lioke.
Portuak eta Aldundiak sinatuko duten hitzarmenak arazo horiek konponduko dituzte hamaika bazterbideen eraikuntzaren bidez. Bazterbide horietan, garraio bereziek derrigorrez geratu beharko dute beren atzetik ibilgailu-ilarak sortzen ari badira. Eragindako pilaketak desagertutakoan, berriz sartu ahalko dira normaltasunez zirkulaziora.