Bilbokoa Estatuko laugarren portua da salgaien trafikoari dagokionez. Trafiko horren hazkuntza kontuan hartuta beste helburu batzuen artean pieza berezien hub moduan finkatu nahi du eta zabalkuntza-obrak burutu behar ditu portuak behar dituen lurren eskariari aurre egin ahal izateko, bere okupazio-maila % 87koa delako. Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Portuaren hazkuntza horretan lagundu –eragin positiboak dituelako Lurraldearen ekonomian-, foru errepideetako zirkulazioa azkartu eta burutuko diren obretan ekoitziko diren materialen soberakinen kudeaketa hobetu nahi du.
Hori guztia kontuan hartuta eta sinergiak aprobetxatzearen ondoreetarako Bilboko Portuko Agintaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia ados jarri dira euren arteko lankidetza zabaltzeko besteak beste irisgarritasuna bezalako gaietan eta Aldundiaren obretako soberakinak Portuko bertako betelanetan aprobetxatzeko.
Bazterguneak N-240 errepidean
Azken urteetan nabarmen hazi da garraio berezien trafikoa. 2018an Bilboko Portuak 4.290 eragiketa burutu zituen mota honetako piezekin, hau da, batez beste 15-20 garraio egunero. Dena dela, egon daude mota horretako garraioaren eta Bilboko Portuaren lehiakortasuna gutxi dezaketen inguruabarrak, besteak beste:
- Konboiak igarotzeak eragozpenak eta arazoak sortzea hiriguneetan: ibilgailuen ilarak eta segurtasun arazoak Eragozpenak sortzen dira hala ohiko erabiltzaileentzat nola garraio berezia egiten duten enpresentzat eurentzat.
- Iragatearen gaur egungo kostuek eta horren zailtasunek lehiakortasunaren galera ekar dezakete industria-sarearentzat eta, ondorioz, eraginak izango lituzke Portuko bezeroen eskarian.
Errepideari dagokionez irisgarritasun arazorik behinena N-240 errepidean (Tarragona-Bilbo) gertatzen da. Ez dauka bidesaririk eta, ondorioz, garraio berezi horiek asko erabiltzen duten errepidea da eta, aldi berean, mota horretako piezak, batez ere eolikoak, fabrikatzen dituzten enpresek Bilboko Portura iristeko erabiltzen duten ibilbide nagusia da. Garraio horiek dimentsio handikoak eta abiadura gutxikoak izaten dira eta trafiko pilaketak eragiten dituzte Arratia eskualdean, batez ere eguneko ordu gorietan.
Hori arintzeko, N-240 errepidean arazoak minimizatuko dituen jarduketa bat behar da.
Trafikoaren fluxu hori hobetzeko eta beste ibilgailu batzuei aurreratzeko aukera emateko eta, aldi berean, beharrizanen edo matxuraren bat egonez gero, garraio berezi horiek gelditzeko alde batzuk egon daitezen N-240 errepidean baztergune batzuk egitea proposatzen da; horri buruzko aurretiazko azterlan batzuk egin dira.
Portuko Agintaritzak proiektua finantzatuko luke; egin diren kalkuluen arabera 500.000 euro izango dira eta BFAk proiektua idatziko du eta obrak kontratatu eta betearaziko ditu. Akordio hau Estatuko Portuen agintaritzari igorriko zaio, balidatu behar duen erakundea delako, eta uste da 2020. urtean zehar egon daitekeela abian.
Aurre-oharren sistema eta AP-8 erabiltzeagatiko pizgarriak
Baratzarren irisgarritasuna hobetzeko akordioa Portuko Agintaritzak eta Interbiakek- Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailari atxikita dagoen foru sozietate publikoa- iaz lortu zuten beste akordio bati batzen zaio, hain zuzen ere Bilboko Portuko salgaien sarrera eta irteeretan Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea (AP-8) erabiltzekoa eta aurre-oharren sistemaren erabilera sustatzekoa.
Helburu nagusia gaur egungo salgaien trafikoen hazkuntzako testuinguruan ibilgailuen ilarak sortzea saihestea eta portura iristen diren garraiolarien itxaron-denborak murriztea da.
Programa 2018. urtearen erdian jarri zen abian lau urteko eperako; zuzkidura ekonomikoa, urtero, gehienez 100.000 eurokoa da eta 2018ko bigarren seihilekoan 50.000 euro jarri ziren horretarako.
Ekimen hau abian jarri zenean 322 ibilgailu inskribatu ziren. Kopuru horrek gora egin du eta bigarren seihilekoan beste 140 alta berri eduki zituen eta urte amaieran 462 erabiltzaile ziren. Portuko Agintaritzak otsailean ordaindu ditu pizgarri horiek.
Portuko sarrera eta/edo irteera bat pizgarri horien ondoreetarako zenbatesteko nahitaezkoa da hiru beharkizun betetzea: Bilboko Portuko webaren bidez alta ematea, aurre-oharren sistema e-puertobilbao-ren bidez erabiltzea eta Portura sartzeko edo bertatik ateratzeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea erabiltzea.
Hasierako sei hil hauetan guztira Bilboko Portuan hiru beharkizunak bete dituzten 9.055 sarrera eta irteera saritu dira; pizgarri horiei esker erabiltzaileek 0,75 € lortu dituzte aurre-ohar/ibilbideko.
Egin diren kalkuluen arabera hurrengo ekitaldietan kopuru horren hazkuntza esponentziala izango da, lehenengo eta behin gehiago direlako izena eman duten erabiltzaileak eta, hori ez ezik, gehikuntza egon delako sarrerako aurre-oharren sistemaren erabileran, oso zabalduta dagoelako edukiontzien kasuan (% 90) nahiz eta une hauetan erabilera txikia izan solteko salgai solidoetan eta edukiontzietan egiten ez de garraioan.
2019ko ekitaldi honetan Bergé enpresak Portuko terminaletan egin nahi duen automatizazioak lagundu egingo du asmo honetan; aldi berean, ildo beretik Noatum Container Terminal Bilbao enpresak 2017 urtearen amaieran instalatu zituen ate automatikoak aipatu behar dira.
Portuko Agintaritzak eta Interbiakek informazioa erregistratzeko garatu dituzten sistema informatikoek zuzen funtzionatu dute eta, beraz, plataforma era egokian egituratuta dago datozen lau urteetan onuradunen hazkuntzari aurre egin ahal izateko.
Izena emateko aukera zabalik dago. Programa honi buruzko informazioa https://www.bilbaoport.eus/eu/zerbitzuak/portua-aurre-oharra-ap-8-aurrezkia/ webean kontsulta daiteke.
Obrak Mamarigako tuneletan
N-644 errepidean kokatuta dauden Mamarigako tunelak egokitzeko obrak irailaren erdian hasi ziren. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Portuaren konpromisoa lanak azkartzeko eta garraio berezien trafikoa kudeatzeko neurri eta baliabide guztiak erabiltzea izan zen, hau da, ahalik eta eragin eta kalte gutxien eragiteko eta une oro Portuaren irisgarritasuna eta lehiakortasuna bermatzeko.
Mamarigako tunelak zerbitzuan daude 1990etik eta gune estrategikoa dira Bizkaiko foru errepideen sarean, egunero bertatik 17.000 ibilgailu baino gehiago igarotzen direlako Bilboko Portura eta Santurtzi eta Zierbena udalerrietara iristeko. Beraz, funtsezko proiektua da ekonomia bizkaitarraren motor nagusienetakoa denera iristeko lehentasunezko bidearen modernizaziorako eta bide-segurtasunaren hobekuntzarako.
Ezinezkoa zen lanak gaueko ordutegira mugatzea eta, ondorioz, lan-txandak eta giza baliabideak eta bitarteko materialak areagotu dira obren eta eragozpenen iraupena ahalik eta gehien murrizteko. Ildo horretatik, hodietako baten itxiera eragiten duten lanak amaitzeko gutxieneko epea 6 hilekoa da eta lan guztiak burutzeko ezarri den epea 10 hilekoa da, hasieran 14 hileko kalkulua egin arren.
Obrak irailaren 17an hasi ziren eta normaltasun osoz ari dira garatzen, azpiegitura hau erabiltzen duten garraioen eta bestelako ibilgailuen gaineko eraginak gutxituz. Lanek erritmo ona dute eta igande honetan bertan, otsailak 24, dagoeneko konponduta eta indarreko araudiari egokituta dagoen mendebaldeko hodia ireki da (Bilboko noranzkoan). Irekiera honi esker aukera dago trafikoa hodi honetara lekualdatzeko, gaur egun ekialdeko hodiak (Portuko noranzkoa) duen bi noranzkoko fluxuko konfigurazio berarekin; hodi hau erabat itxiko da bidezko lanak egitearen ondoreetarako.
Obretako materiala Portuko betelanetarako aprobetxatzea
Portuko Agintaritzak eta Aldundiak laugarren akordio bat harpidetu dute, irisgarritasunari lotuta dauden beste hirurei batzen zaiena. Kasu honetan Aldundiak egiten dituen obretako soberakinak Portuan bertan betelanak egiteko aprobetxatzeari buruzkoa da, horrela bi erakundeek dituzten beharrizanak asetuz.
Portuko Agintaritza, une hauetan, kai berri bat eraikitzen ari da. Udazkenean Erdiko Kai-muturra deritzon lanen lehen fasea amaituko da; ostean faseka burutuko diren urbanizazio-obren lizitazioa gertatuko da. Horiek burutu ondoren eta oraindik ere data zehatzik gabe kai horren bigarren faseko obren lizitazioa egingo da eta horretan ere betelanetarako materialak beharko dira, gutxi gorabehera 5 milioi metro kubiko baino gehiago. Lan horien iraupena gutxi gora behera bi urte eta erdikoa izango da.
Foru Aldundia, beste alde batetik, hondakindegietara eraman behar izaten diren material soberakinak eragiten dituzten obra handi batzuk egiten ari da, eta beste batzuk ditu aurreikusita. Horregatik, baldin eta ingurumeneko, kalitatezko eta geoteknikaren arloko ezaugarriak egokiak badira, material hori betelanak egiteko erabiliko da bitartekoak eta baliabideak aprobetxatzeko aukera ematen duen ekonomia zirkularreko ariketa baten, aldi berean kostuak aurreztuz eta iraunkortasun handiagoa lortuz. Honako obra hauek dira:
- Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea; bertan 50.000 m3 inguru sortuko dira 2019ko apirila eta uztaila artean.
- Ezkerraldea/Meatzaldea Parke Teknologikoko Sarbideak; kasu honetan 000 m3-ko ekarpena egon daiteke; eta baita y Kukularra 2 ere, 60.000 m3 ingururekin.
- Lamiakoko itsasadarraren azpiko indusketa, oraindik ere ez da kalkulatu zenbat material aterako den. Dena dela, obra ez da 2023ra arte hasiko eta gerta daiteke obra hau ez izatea bateragarria Portuak bere obretarako esku artean duen egutegiarekin.