Bilboko Portuko Agintaritzako eta Brittany Ferries-eko ordezkariek parte hartuko dute urtarrilaren 18tik 22ra egiten den FITUR nazioarteko turismo-azokan, Bilboko Portuak gurutzaontzian edo ferryan bidaiatzeko eskaintzen dituen zerbitzu eta abantaila lehiakorren berri emateko.
Batetik, Euskadiko standa bisitatuko dute; han, Turismo Hartzaileko hainbat enpresarekin eta Turismoko erakunde publikoetako ordezkariekin bat egingo dute, eta Brittany Ferries-ek bere nobedadeak aurkeztuko ditu ostegunean, hilak 19, 16:00etan. Halaber, Estatuko Portuen standean izango dira, sektoreko profesionalekin harremanetan jartzeko.
Aurkezpenean, Brittanyk Bilbok Penintsularen, Erresuma Batuaren eta Irlandaren artean turismorako sarrera- eta irteera-ate gisa dituen abantailen berri emango du. Ontzi-enpresa honek hamabi urte daramatza portu horretan lanean, eta iaz eskaintza hobetu egin du, kokapen horren aldeko apustu garbia eginez. Gaur egun, Brittany Ferries konpainiak astean bitan konektatzen ditu Bilbao Portsmouth-eko (Erresuma Batua) eta Rosslare-ko (Irlanda) portuekin. Horretarako, Salamanca ontzia du, Erresuma Batuarekin lotzeko erabiliko dena, eta martxotik aurrera Galizia ontzia, Irlandarekin ibilbidea egingo duena.
Galizia E-FLEXER motako ontzia da, bere kroskoaren eta brankaren diseinuari esker, nabigagarritasun bikaina duena edozein klima-egoeratan. Horri esker, ontzian denbora errealean egiten den datu-analisi indartsuarekin eta ikaskuntza automatikoaren garapenarekin batera, energia-eraginkortasuna une oro optimizatzen da bidaietan. “Gutxi gorabehera 28 orduko iraupena duen bidaia baterako, Galizia ontziak 1.050 bidaiarirentzako lekua du eta 343 kabina ditu bainu pribatuarekin; horietako batzuk mugikortasun murriztuko bidaiarientzat egokituta daudela. Bidaiariak oinez edo bizikletaz joan ahal izango dira ontzira, Irlandako eta Euskal Herriko paisaia ikusgarriak eta gastronomia ezagutzera emateko bultzatuko dugun bidaiatzeko modu berri bat”, adierazi du Roberto Castilla Brittany Ferries-eko Zuzendariak Espainian.
Bestalde, Salamaca ontzia joan den martxoan inauguratu zen, eta gas natural likidotua (GNL) erabiltzen duen Brittany Ferries-en lehen ferrya da. Erregai horrek, errekuntza-prozesu eraginkorrago bati esker, karbono-dioxidoaren emisioak % 20 murrizten ditu ohiko erregai fosilen aldean. Brittany Ferries-ek 550 milioi euroko inbertsioa egin du bere flota berritzeko, GNLk bultzatutako hiru ontzi berri barne. “Salamanca ontzia izango da Bilboko Portuan lan egiten duen gure ontzi izarra. Astean bi irteera izango ditu, Portsmouth portu ingelesa Bilborekin lotzen”, dio Castillak.
Brittany Ferries ontziak ferry-gurutzaontziak dira, bere kalitateagatik eta erosotasunagatik, eta Bilboko Portua Euskadin lehorreratzen diren turista britainiar eta irlandar askoren sarrera-puntu estrategikoa da, batez ere naturaguneez -barnealdekoak nahiz kostaldekoak-, haien kultura-ondareaz edo gastronomia aberats eta askotarikoaz gozatzeko,, penintsulako eskualdeak eta iparraldeak eskaintzen dituzten erakargarritasun ugarien artean.
Gurutzaontzien turismoa Bilboko Portuan
Bilboko Portuan ere gurutzaontzien zirkulazio handia dago. 2022an, Getxoko terminalean 78 gurutzaontzi eta 108.154 turista porturatu ziren, gehienak britainiarrak, eta ondoren amerikarrak eta alemanak.
Portu honetan ohikoak ziren konpainien ontziei 2022an lehen aldiz helmuga horren alde egiten zuten ontzi-konpainia gehitu zitzaizkien, Bilboko Portuak eskaintzen dituen azpiegiturek eta zerbitzuek sektorean duten harrera onari esker, hala nola WiFi-ak, gurutzaontzien terminalaren eraginkortasuna, edo geldialdiak eta turistak kudeatzeko malgutasuna eta erraztasuna. Era berean, ontzi-enpresek honako hauek nabarmentzen dituzte: Getxoko terminala aireportutik gertu egotea, ontziratze-eragiketak eskaintzeko aukera ematen baitu, eta gure helmugako turismo-erakargarriak eta Bizkaiak, Donostiak eta Arabak (Arabako Errioxa) eskaintzen duten eskaintza askotarikoa.
Sustapen-lanari esker, Bilboko, Bizkaiko eta Euskadiko turismo-arduradunekin batera helmuga sustatzeko Fiturren eta sektoreko azoka espezializatu nagusietan parte hartzea barne, Bilboko Portuko Agintaritzak uste du 2023an gainditu egingo direla 2022an lortutako erregistroak. Hain zuzen, dagoeneko baieztatuta dago Israelera maiatzean abiatuko den Turn around-a, Getxotik abiatuko dena, eta MSCk egingo dituen sei geldialdiak, zeinak urtez urte Bilboko Portuan duen konfiantza sendotzen baitu.