Bilboko Portuko Agintaritzak eta Interbiak Bizkaiko Hegoaldeko Akzesibilitateak (foru-sozietate publikoa, Bizkaiko Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailari atxikia) hitzarmen bat sinatu dute kamioiak portuko barrutira sartzeko aurreabisu-programa sustatzeko eta Bilboko portura sartzen edo handik irteten diren ibilgailu astunek Metropoli Hegoaldeko Saihesbidea —ordainpeko azpiegitura— erabil dezaten sustatzeko.
Bilboko Portuko Agintaritzako presidente Asier Atutxak adierazi duenez, “hitzarmen honen sorburua Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteak (ATAP) proposatu zigun ideia bat da, gerora Foru Aldundiarekin batera landu duguna. Orain, ontzien eta merkantzien kudeaketa eraginkorragoa egiteko e-puertobilbao plataforma elektronikoaren bitartez zerbitzu telematikoak garatuak ditugun eta kamioien sarrera automatikoko sistema erabiltzen hasiak garen honetan (kontainerren terminalean, lehenbizi), iritsi da beste pauso bat emateko unea portura ibilgailu astunen sarrera eta iragaitea bizkorragoa, seguruagoa, merkeagoa eta jasangarriagoa izan dadin, Portuko lurreko garraioaren intermodalitatea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetuz.
Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saileko foru-diputatu Imanol Pradalesek, berriz, adierazi du hitzarmen horri esker konpondu egingo direla “portu-barrutira sartzeko ilarek eragiten dituzten arazoak, bai eta tona askoko ibilgailu astunen porturako joan-etorrietako trafiko-intentsitate handiak erabilera libre eta doako foru-sareko errepide konbentzionaletan sortzen dituenak ere”.
Hitzarmenak dioenez, Portuko Agintaritzak, Lurreko Garraioaren Lehiakortasunerako Programaren barnean, urtean 100.000 euro jarriko ditu Bilboko portura sartzeko edo handik irteteko e-puertobilbao plataforma telematikoaren aurreabisu-sistema eta, aldi berean, Metropoli Hegoaldeko Saihesbidea erabiltzen duten ibilgailu astunei pizgarri bat emateko.
Interbiakek, berriz, jasotzen diren datuak kontrolatzeko eta baliozkotzeko aplikazio informatikoa egingo du, eta Portuko Agintaritzaren esku jarriko du sortzen den fitxategia, hark pizgarria ordaintzeko erabil dezan.
Baldintza orokor hauek bete behar dituzte pizgarriaz baliatu nahi duten ibilgailu astunen titularrek:
- Alta eman, eskatzaile gisara, Bilboko Portuko Agintaritzaren webgunearen bidez: www.bilbaoport.eus (laster erabili)
- Portuko plataformako aurreabisu-zerbitzua erabili (e-puertobilbao.com).
- Metropoli Hegoaldeko Saihesbidetik sartu Bilboko portura, edo handik irten, indarreko tarifa ofizialaren zenbateko osoa ordainduz Interbiaki.
- Ordainketa hori egiteko, Interbiak Bizkaiko Hegoaldeko Akzesibilitateak homologatutako teleordainketa-gailua- edo sistema erabili (OBE); hartara, kamioiaren matrikula ezagutu egingo dute e-puertobilbao plataformarekin konektatutako ekipamenduek.
Baldintza horiek betetzen dituzten erabiltzaileen artean banatuko da urteko diru-hornidura, joan-etorrien arabera hainbanatuta, urteko ekitaldiko portuan eginiko sarrera-irteera guztiak zenbatu ondoren.
Urtero likidatu eta aplikatuko ditu Bilboko Portuko Agintaritzak hobariak, urteko ekitaldia amaitu ondoren 31 egun igaro aurretik.
Lau urte iraungo du hitzarmenak, eta luza daiteke. Ezarritako epeen arabera, aurtengo ekainaren 1etik aurrera eman dezakete alta pizgarriaz baliatu nahi dutenek Portuko Agintaritzaren webgunean; joan-etorriak, berriz, ekainaren 30ean hasiko dira zenbatzen. 2019ko urtarrilaren 31n ordainduko dira pizgarriak.
2017an, 1.613 kamioiri zegozkien 143.149 sarrera-irteera erregistratu ziren Bilboko Portuko aurreabisu-sisteman. Portuan ibiltzen diren kamioien % 67 inguru dira horiek, eta kontainer-trafikoari oso lotuak daude. Gainerako terminalek sarrera automatizatua ezarri ahala (hala egin zuen iaz Noatum Container Terminal Bilbaok, adibidez), hedatu egingo da aurreabisua, eta are onura gehiago ekarrizko dizkie portuko bezero guztiei.