Bilboko Portuko Agintaritzak eta Container Terminal Bilbaok proiektu berri bat aurkeztu dute kontsignaziodun, garraio-kudeatzaile, errepide bidezko garraio-enpresa eta portuko komunitateko kide ugariren aurrean, zeinaren arabera ate automatizatu berriak eta haientzako soluzio telematiko egokiak izango baititu aurrerantzean terminalak, zerbitzuari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.
Besteak beste, ate automatizatu horiei esker, portura eta terminaletara sartzeko, denbora gutxiago itxaron beharko dute ibilgailuek. Horrez gain, ateek portuaren barruko segurtasuna hobetuko dute, eta errepide bidezko garraiobideen zirkulazioa kudeatzeko eta operazioak optimizatzeko sistema bat eskainiko diete Portuko Agintaritzari eta terminalei.
2017ko ekainean jarriko dira martxan ate berriok, eta enpresek konpromisoa hartu dute ordurako sistema berriaren beharkizunetara egokitzeko.
Garraio arin eta eraginkorra
Proiektuaren lehiakortasuna hobetzeko, nahitaezkoa da errepide bidezko garraioa arina eta eraginkorra izatea, eta horixe da, hain zuzen, proiektuaren abiapuntua. Hori lortzeko, xehetasun guztiz aztertu da nola arindu daitezkeen kamioien gaur egungo sarrera-irteerak bai terminalean, bai portuan, eta behar hauek identifikatu dira:
- Ateen kokapena aldatzea eta terminaleko sarrera-irteerak aurreikusitako eskaeraren arabera egokitzea.
- Ateak automatizatzea, kamioen sarrera-irteera ahalik eta hobekiena kudeatzeko.
- Kamioia portuko instalazioetara iritsi aurretik, informazioaren % 100a elektronikoki jasotzea.
Bi informazio nagusi eman dira aurkezpenean: batetik, sistema definitzeko elementu tekniko funtsezkoak azaldu dira, hala nola pre-gate baten ezarpena, OCR (Optical Character Recognitio) arkuen kokapena eta ateen kokapena eta kopurua; eta bestetik,
ateen konfigurazioa eta soluzio teknologikoa. Hamar ateko sistema bat definitu da: sarrerako sei, irteerako hiru, eta alderantzikagarri bat.
Ekainetik aurrera, bide azkar esklusibo bat izango dute portura sarrera-kode batekin sartzen diren kamioiek. Garraiolaria kamioia gelditu behar izan gabe pasatuko da OCR arkuetatik, eta, ate automatikora iristean, sarrera-kodea sartu beharko du ukipen-pantaila batean. Sistemak orduan tiket bat emango dio, zehaztuko diona terminaleko zein puntutara joan behar duen egin beharreko eragiketa egitera.
Aurkezpenean orobat azaldu zen eguneratu egin direla e-puertobilbao plataforma telematikoaren zerbitzuak, terminalera eta garraiolariari bidaliko zaien sarbide-kodea sor dezan. Kode hori sortzeak esan nahi du entregatzekoari edo, hala dagokionean, onartzekoari buruzko informazioak (eta dagokion aurreabisuari buruzkoak) badituela Portuko Agintaritzak eta Noatumek ateen kudeaketa automatizaturako behar dituzten datu guztiak.
Azkenik, e-puertobilbao plataformaren mugikorreko aplikazio berria aurkeztu da. Hari esker, lana erraztu nahi zaie beren lanaren ezaugarriengatik une bakoitzean dauden lekutik (eta batzuetan, terminaletik oso gertu) aurreabisua bidali behar duten enpresei.