Beste behin ere, Bilboko Portuko Agintaritzaren ordezkariek modu aktiboan parte hartuko dute Miamiko Seatrade Cruise Shipping Convention azokan; martxoaren 12tik 15era bitartean egingo da munduko gurutzaontzi-azoka nagusia. Bilboko Portuak bere standa izango du, Booth 659an.
2011n, lehen aldiz, 50 gurutzaontzi baino gehiago izan ziren Bilboko Portuan. Zehazki, 53 izan ziren (2010ean, 33), eta haietan 77.345 bidaiari ibili ziren guztira (aurreko urtean baino % 78 gehiago). Era berean, ontziratze- eta lehorreratze-operazioek % 108 egin zuten gora.
Aurten, aurreikuspenak are itxaropentsuagoak dira, espero baita 80.000 bidaiari inguru
pasatuko direla Bilboko portutik 55 gurutzaontzitan. Aurtengo lehen geldialdia martxoaren bukaeran izango da, eta azkena, abenduaren erdialdean.
Zirkulazioa areagotuko dela ikusita, Portuko Agintaritzak nazioarteko gurutzaontzi-sektoreari Miamin aurkeztuko dizkion nobedadeetako bat izango da Getxoko terminal berriaren proiektua, hirugarren atrakaleku-linea ekarriko duena. Lanak lizitazio-fasean daude, eta uda-amaieran hasi eta 2014aren erdialdera amaitzea aurreikusten da.
2012an, hiru konpainiak Bilboko portua erabiliko dute berriro ere bidaiariak ontziratzeko eta lehorreratzeko. Hain zuzen, MSC Cruceros-ek MSC Ópera ontziarentzat erabiliko du (zortzi geldialdi); Iberocruceros-ek, Grand Mistral ontziarentzat (bi geldialdi); eta Pullmantur-ek Empress ontziarentzat (bi geldialdi).
Era berean, aurten, lehen aldiz, Royal Caribbean konpainiaren mendeko Celebrity Cruises ontzi-enpresaren M/V Celebrity Constellation gurutzaontzia porturatuko da Bilbon. “Wine Inmersión” izeneko gurutzaldia egingo du gurutzaontzi horrek, eta zortzi aldiz izango da Bilboko portuan; aldi bakoitzean, egun eta erdi egingo ditu han, eta gau bat igaroko du terminalean bertan.