Hala, bateratu egin nahi dira gaur egun duen egitekoa eta aberastasuna eta enplegua sortzen dituzten enpresa-proiektuak, turismoa bultzatzen dutenak eta gizartea ingurune natural pribilegiatu batean kokatua dagoen gune honetara hurbiltzen dutenak
Bilboko Portuko Agintaritzak deialdi publiko bat egingo du uztailean bertan Galeako itsasargian (Getxo) dagoen eraikin-konplexuaren ustiapena esleitzeko. Jatetxe-jarduera eman nahi zaio konplexuari, eta emakidaren hasierako epea 25 urtekoa izango da gehienez ere.
Itsasargia itsas mailatik 76 bat metrora dago, Punta Galeako labarraren gainean, Bilboko Portuko Kanpoko Abran, Getxo (Bizkaia) udalerriaren lurretan. Itsasargiaren eraikin-multzoaren ezaugarriek eta neurriek eta gunea ingurune natural bakan batean kokatua egonagatik Getxoko hirigunetik hurbil egoteak jatetxe nahiz kafetegi gisa baliatzeko potentzial handia ematen diote. Hala, “aisialdiko esparruei erabilera soziala eta ekonomikoa ematea lortzen da, eta, aldi berean, enpresen garapena bultzatzea eta aberastasuna eta enplegua sortzea”, esan du Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakariak.
Halaber, azpimarratu du helburua dela “batetik, eraikin-multzoari errentagarritasuna ateratzea eta zaintzea, eta, bestetik, haiek gizarteari hurbiltzea,eskaintza turistiko paregabe bat eginez. Bestalde, ostalaritzarekin eta gastronomiarekin erlazionatutako enpresa-sarea bultzatu eta dinamizatu nahi dugu”. Hori guztia, kontuan hartuta itsasargietan eta itsas seinaleak dauden tokietan ostalaritzako zerbitzuak ezartzean ezin dela baldintzatu edo mugatu unean-unean eman beharreko seinaleztapen-zerbitzua.
Emakidako azalera 1.600 m2 inguru da (behin itsasargiaren dorreak eta ekipamendu teknikoek behar duten espazioa kenduta, ez baitira emakidan sartzen), eta azalera horretan sartzen da Galeako itsasargiaren eraikin-multzoa (hiru eraikin laukizuzen, solairu bakarrekoak, elkarrekiko distantzia batera daudenak), kanpoko ingurunea eta aparkalekua; emakidadunak goitik behera zaharberritu behar du eraikin-multzoa, eta, ondoren, eman nahi dion erabilerarako egokitu.
Esleipenduna hautatzeko irizpideek lau alderdiri erreparatzen diete bereziki: egin beharreko lanen proiektuari (eraikinean bertan eta kanpoaldean, ekipamenduetan eta eraikin barruan), ustiapen-proiektuari (ustiapen-eredua eta giza baliabideekiko
konpromisoa), konprometitutako inbertsioei eta emakidaren azterketa ekonomiko-finantzarioari.
Bizkaiko itsasargiak
Itsas seinaleztapeneko instalaziook, beren funtzioa dela eta, ingurune natural pribilegiatuetan kokatzen ziren, eta interes historiko eta kultural handikoak dira. Bestalde, gaur egungo teknologiari, komunikabideen hobekuntzari eta itsasargiak kudeatzeko modu berriei esker, seinaleztapen-prozesu automatiko asko txertatu dira, eta, horregatik, itsasargien mantentze-lanez arduratzen diren pertsonek eta haien familiek jada ez dute itsasargietan bizi beharrik.
Horrenbestez, Bilboko Portuko Agintaritzak azterketa bat egin du, atxikita dauzkan itsasargietan eta itsas seinaleak dauden tokietan egin litezkeen jarduera osagarriak bateratzen saiatzeko; bereziki, turismoarekin duen lotura kontuan hartuta, ostalaritza.
Bizkaian, lau itsasargi daude, eta laurak dagozkio Bilboko Portuko Agintaritzari. Punta Galeako itsasargia, Gorlizkoa, Matxitxakokoa eta Lekeitiokoa dira.
Lekeitioko Santa Katalina itsasargia Lekeitioko Udalari lagata dago, eta Gorlizkoa txikia da; horregatik, Matxitxakokoa eta Punta Galeakoa soilik dira egokiak ostalaritzako establezimendu bihurtzeko. Oraingoz, Punta Galeakoa atera da lehiaketara.