Oraingo honetan, kristalezko plaketako argazki estereoskopikoaren aitzindaria Jesús de Echebarria e Ibargüengoitia bilbotarraren XX. mendearen hasierako argazkiak erakutsiko ditu.
Bilboko Portuko Agintaritzak, bere urteko egutegiaren bidez, Bilboko eta Bizkaiko bizitza eta historia islatu duten argazkilarien ondarea berreskuratzen eta zabaltzen jarraitzen du, Itsasadarra, Portua eta jendea protagonista nagusi direla. Oraingo honetan, Jesús de Echebarria e Ibargüengoitiaren (Bilbo 1882 – 1962) argazkiek irudiztatzen dute 2023ko egutegia, XX. mendearen hasierako argazkilari amateur bikaina eta kristalezko plaketako argazki estereoskopikoaren aitzindaria izan zena.
Portada eta 2023ko hamabi hilabeteak ilustratzeko Portuko Agintaritzak hautatutako hamahiru argazkiak Bilbon eta Erandion edo Portugalete bezalako udalerrietan egin ziren 1911 eta 1934 artean. Eguneroko eta portuko jardueraren eszenak erakusten dituzte, eta Echebarria Mugertza familiaren artxibokoak dira. Jatorrizkoak zuri-beltzak dira, eta egutegirako digitalki koloreztatu egin dira.
Argazkilaritzaren lehenetako eta onenetako zale bat
Jesús de Echebarria e Ibargüengoitiaren argazki-jarduera gehiena 1910eko hamarkadan bildu zen, urte haietan Parisera eta Berlinera bidaiatu baitzuen. Bere lan artistikoei esker, hainbat sari irabazi zituen lehiaketa garrantzitsuetan, eta atzerriko
argitalpenetan atentzioa eman zuen. Haien arabera, Jesús de Echebarria Espainiako argazkilaritza-zaleen artean lehenetakoa eta onenetakoa zen.
Bere argazki batzuk argitaratzean, Portuko Agintaritzak argazkilari handiak berreskuratzen jarraitzen du, aurreko egutegietan Eulalia Abaituarekin, Telesforo de Errazquinekin edo Germán Elorzarekin egin duen bezala.
Egutegia azaroaren 28tik aurrera, astelehena, eskuratu ahal izango da Bilboko Itsasmuseumean, eta bere zabaldegian kokatuko den erakusketa batean erakutsiko dira oraingoan hautatutako argazkiak.