Bilboko Portuko Agintaritzak Getxoko gurutzaontzien hirugarren atrakalekuko itsas terminala eraikitzeko obrak lizitatuko ditu aurtengo udan. Lizitazio-prezioa bost milioi euro da, eta urtebeteko epean egin behar da obra. Zifra horiek baino hobeak eskain ditzakete lizitatzaileek.
Diseinuan, funtzionaltasunari eta segurtasunari eman zaie lehentasuna. Halaber, bisitatzen gaituzten turistentzako aurkezpen-txartel gisa, irudi moderno, atsegin eta dinamikoa eman nahi du, gure lurraldearen eta kulturaren balioen adierazgarri.
Hamabost metro garai izango da eraikina, eta 3.200 metro koadro erabilgarri izango ditu. Beiraz hornitutako kontainer handi, arin eta oso argia izango da, oinarri angeluzuzenekoa, zinkezko estalki arin batez estalia. Sei argi-zulo izango ditu, are argitasun-sentsazio handiagoa emateko, eta itxiera okerra, eraikinari dinamismoa emateko.
Bidaia Getxon hasten edo bukatzen duten bidaiarien ontziratze- edo lehorreratze-beharrei erantzuteko —ezinbestekoa da ekipajearen kudeaketa—, eraikinaren diseinuan kontuan hartu da bidaiarien eta ekipajeen fluxuen arteko bereizketa. Halaber, eta arrazoi operatiboak direla eta, ontziratze- eta lehorreratze-eremuak ere desberdinduko dira (ibilbide independenteak), eta eskailera desberdinak izango dituzte sartzen eta ateratzen ari diren bidaiariek. Erraztu egingo du horrek bidaiarien joan-etorria. Barruko sarbideetako bikoiztasun hori funtsezkoa da oinarri-portu izan nahi duten portuentzat; Bilborentzat, besteak beste.
Terminalaren beste ezaugarri garrantzitsu bat hau da:
ontzietarantz irekiko dela. Erraztu egingo ditu horrek ontziratze- eta lehorreratze-maniobrak, eta bidaiarien erosotasuna bermatuko. “Bidaiariak zuzenean sartuko dira terminalera eta/edo itsasontzira, eroso-eroso eta seguru, kaia zapaldu beharrik gabe, aireportuetan erabiltzen diren bezalako plataforma mugikor edo “finger” edo “gang-way” bati esker”, azaldu dute egileek. Itsasontzi guztien ontziratze-ateen altuerara egokituko da azpiegitura hori, neurria edozein dela ere, bai eta mugikortasun urriko pertsonen premietara ere. Haren kostua ere Portuko Agintaritzak finantzatuko du, eta obrako kostu osoan sartzen den milioi bat euroko inbertsioa egin beharko da.
Maleten zirkulazioa eta itsasontziak behar dituen hornidurak kalean egingo dira, atrakalekuaren ondoan, bidaiarien joan-etorritik erabat aparte dagoen eremu batean.
Diseinua hautatzeko, halako eraikinen eskaera funtzionalen azterketa zorrotza egin du aipatutako enpresak. Arreta berezia jarri da gurutzaontzien ontzi-enpresa operadore handiek emandako datuetan, itsasontzientzako nazioarteko segurtasun-arauetan eta munduko terminal onenen erreferentzian.
Aparkalekuak
Getxoko Udalaren eskaintzari erantzunez, Portuko Agintaritzak egonaldi luzeko 222 aparkaleku jarriko ditu kaian. Getxotik ateratzen diren gurutzaontzietako bidaiariek erabiltzeko dira aparkaleku horiek. Herritarrek ere erabilgarri izango dute, gurutzaontziek atrakatzen ez duten egunetan.
Halaber, beste 31 aparkaleku egongo dira terminalaren funtzionamenduari lotutako langileentzat; beste zortzi,, mugikortasun urriko pertsonentzat; hamar, taxientzat eta, azkenik, 40 aparkaleku, autobusentzat.