Bilboko Portuko Agintaritzak Giroa SAU – Excavaciones Viuda de Sainz SA ABEEari esleitu dio Bilboko Portuak Getxon duen gurutzaontzien kai berriko itsas estazioaren proiektuko obrak egiteko kontratua. Esleipenaren zenbatekoa 4,6 milioi euro da (BEZa sartu gabe), eta gauzatzeko epea, 11 hilabete.
Halaber, itsas estaziorako ontziratze-pasabide mugikorraren proiektu eta obraren kontratuaren esleipena Prosertek SLrentzat izan da. Zenbatekoa 966.000 € euro da (BEZa sartu gabe), eta epea, hamar hilabete.
Eraikin moderno, dinamiko eta argitsua
Gurutzaontzi-terminal berriak hamabost metroko altuera eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango ditu. Beiraz hornitutako kontainer handi, arin eta oso argia izango da, oinarri angeluzuzenekoa, zinkezko estalki arin batez estalia. Sei argi-zulo izango ditu, are argitasun-sentsazio handiagoa emateko, eta itxiera okerra, eraikinari dinamismoa emateko.
Bi solairu nagusi izango ditu, bai eta solairubitarte bat ere. Beheko solairuan, ataria eta turismo-informazioko erakusmahaia egongo dira, eta han egingo da bidaiaren harrera eta ontziratzekoak diren bidaiarien ekipajeen fakturazioa. Halaber, leku zabal bat egongo da lehorreratzen diren gurutzaontzietako bidaiariek ekipajeak jaso ditzaten. Solairuartean, VIP aretoa eta bulegoak egongo dira. Lehen solairuan, itxarongela, ontziratzekoak diren bidaiarien kontrol-eremua eta lehorreratzeko gunea jarriko dira.
Bidaia Getxon hasten edo bukatzen duten bidaiarien ontziratze- edo lehorreratze-beharrei erantzuteko —ezinbestekoa da ekipajearen kudeaketa—, bidaiarien eta ekipajeen fluxuak bereizi dira eraikinaren diseinuan. Halaber, aparteko eskailerak egongo dira sartzen ari diren eta ateratzen ari diren bidaiarientzat; horrek erraztu egingo du bidaiarien joan-etorria. Barruko sarbideetako bikoiztasun hori funtsezkoa da oinarri-portu izan nahi duten portuentzat; Bilborentzat, besteak beste.
Diseinua gauzatzeko, halako eraikinen eskaera funtzionalen azterketa zorrotz bat egin da. Arreta berezia jarri da ontzi-enpresa handiek emandako datuetan, itsasontzientzako nazioarteko segurtasun-arauetan eta munduko terminal onenen erreferentzian. Materialak aukeratzean, funtzionaltasuna, iraunkortasuna, mantentze-erraztasuna eta segurtasuna lehenetsi dira.
Horri guztiari esker, bisitariek izango duten lehen pertzepzioa eraikin moderno, dinamiko, bero eta atsegin batena izango da, hartzen dituen gizartearena bezalakoa. Horri kalitateko eta itsas segurtasuneko estandar altuak gehituta, Europako terminalen abangoardian egongo da terminal hau.
Terminalaren beste ezaugarri garrantzitsu bat da ontzietarantz
zabaltzen dela. Bidaiariak zuzenean sartuko dira terminalera eta/edo itsasontzira, eroso-eroso eta seguru, kaia zapaldu beharrik gabe, aireportuetan erabiltzen diren bezalako plataforma mugikor edo “finger” edo “gang-way” bati esker.
Itsasontzi entzutetsuak eta luzera handiagokoak
Bilboko Portuak ontzioletatik ateratako gurutzaontzi asko hartu ditu 2015ean, eta gainditu ere egin ditu aurreko denboraldietan porturatu diren beste itsasontzi turistiko batzuen neurriak. Gainera, munduan barrena nabigatzen duten gurutzaontzi handienen artean daude haietako asko.
Nabarmentzekoa da Anthem of the Seas, Royal Caribbean gurutzaontzi-konpainiaren jabetzakoa, bere neurriengatik —munduko bigarren handiena da: 348 metro luze da, eta 4.200 bidaiarirentzako tokia du— eta inaugurazio-bidaiarako Bilbo aukeratzeagatik.
Hona hemen beste gurutzaontzi aipagarri batzuk: Britannia, Carnival taldekoa (330 metro; 4.000 bat lagunentzako tokia), Celebrity Eclipse, Celebrity RCCLrena (317 metro luze eta 2.645 bidaiarirentzako lekua); eta Explorer of the Seas, RCCL konpainiarena (311 metro eta 2.600 bidaiarirentzako tokia).
Lehen aldiz, bi ontzi-enpresa berrik egin dute eskala Bilbon (Aida Cr. eta Grand Circle Cruise Line enpresek), konpainia hauekin batera: Fred Olsen, Oceania Cruises, Crystal Cr., Linblad, Louis Cruises, Phoenix Reisen, Residence at Sea, Sea Cloud eta Silver Cr.
2015ean, guztira, 43 gurutzaontzik egin dute eskala —haietatik bederatzi lehen aldiz izan dira—, eta 70.541 bidaiari izan dira. Turista horietatik erdiak britainiarrak izan dira, % 17 alemaniarrak, eta % 13 AEBkoak.
Martxoan, AEBko azoka egiten denean —nazioarteko zirkuituko garrantzitsuena—, 2016ko aurreikuspenak jakinaraziko dira. Dena den, dagoeneko esan daiteke hurrengo denboraldian zirkulazioa areagotu egingo dela: 55 bat gurutzaontzi izango dira, gurutzaontzien kaiari esker, zeinak aukera ematen baitio Bilboko Portuari hiru atrakaleku eskaintzeko eta leku-murrizketarik gabeko konpainia nagusien artean kokatzeko.