Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen eta Hidrogeno-haranen I. Biltzarrean parte hartu du Bilboko Portuko Agintaritzak. Abanto-Zierbenako Energy Intelligence Center-en (EIC) bildu dira Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberak – Portugalgo, Espainiako eta Frantziako Ganberek parte hartzen dute aliantza horretan, lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko -.eta Kantauriko kostaldeko hidrogeno-haran eta -klusterrak.
Topaketan, hidrogenoaren sorkuntzarekin, biltegiratzearekin, garraioarekin, logistikarekin eta erabilerekin lotutako enpresek eta energia-bektore horren garapenarekin lotutako beste eragile batzuek ere parte hartu dute, eta parte-hartzaileek aukera izan dute arlo horretan egiten ari diren ekimenak ezagutzeko eta lankidetza-bide berriak aztertzeko.
Bilboko Portuko Agintaritzako eragiketa-, merkataritza- eta logistika-zuzendari Andima Ormaetxek azaldu du zer ekimen ari diren egiten Bilbo portu berdeagoa, lehiakorragoa eta arduratsuagoa izan dadin, baita bezeroei trantsizio energetikoan laguntzeko, ingurumen-jasangarritasunean erreferentziazko etorkizuneko azpiegitura izateko eta ardatz atlantikorako kate logistikoak deskarbonizatzeko funtsezko tresna izateko ere.
Era berean, Ormaetxek portuaren hinterland guztirako korridore berdeak garatzeko eta Europar Batasunak bermatzen duen hidrogenoaren korridorea hartzeko aukera handia duela azaldu die bertaratuei. Ildo horretan, azpimarratu du “Bilboko, Amsterdamgo eta Duisporteko portuek, Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE), Petronorrekin eta SkyNRG, Evos Amsterdam eta Zenith Energy Terminals erakunde holandarrekin batera, Ulermen Memorandum (MoU) batean bat egin dute, hidrogenoaren arloan eta hidrogenoa itsasbide horretan banatzean Aurrera egiteko; horrek bultzada handia ematen dio hidrogenoari lotutako ekonomia baten garapenari”.