Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza eta Logistikako zuzendariak “Eskala-ekonomiak: portuen erantzuna” eztabaida-mahaian parte hartuko du.
Irailaren 6an eta 7an, Europako industria logistikoa RailFreight Connects 2023 ekitaldian bildutzen da, tren-sektoreko profesionalei, terminalen operadoreei eta kate logistikoko eragileei zuzendutako ekitaldia. Topaketa Bremengo (Alemania) portu-hirian egiten da, eta azken joerak ezagutarazteko, ezagutzak partekatzeko eta harremanak izateko balioko du, tren-intermodalitatearen garapenean lankidetza sustatzeko helburuarekin, portuetan sor daitezkeen sinergia intermodalei arreta berezia jarriz.
Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketetako, Merkataritzako eta Logistikako zuzendariak, Andima Ormaetxek, “Eskala-ekonomiak: portuen erantzuna” eztabaida-mahaian parte hartuko du, Dominik Landa HHLAko Nazioarteko Merkataritza eta Intermodaleko zuzendariarekin eta Genovako Portuen Politika eta Logistikako Bulegoaren Plangintza eta Garapen Saileko Mario Franzonerekin batera. Topaketan, hainbat ikuspegi proposatuko dira portuen ikuspegitik, zenbait alderditan, hala nola ontzi-enpresa handiekiko lankidetza edo megabukeen tamaina eta bolumena handitzeko aurreikuspenak. Halaber, mahaiko parte-hartzaileek eztabaidatuko dute zer zeregin izan behar duten EBk, Europako Batzordeak eta gobernu nazionalek portuen eta trenbide-sarearen arteko harremana bultzatzeko, portuko agintariek eta trenbide-azpiegituren administratzaileek harreman hori lortzeko nola lagundu dezaketen eta tren- eta portu-loturen arloan botila-lepo nagusiak zein diren.
Gainera, ekitaldi horretan, gai hauek landuko dira, besteak beste: trenbidea eta portuak konektatzeko garatzen ari diren inbertsioak, ontzi-enpresen aliantzek intermodalitaterako dituzten arazoak eta abantailak, trenbide-azpiegituren finantzaketa, kate logistikoko sareak kudeatzeko eta optimizatzeko gaitasuna, gerra-garaiko garraioa, botila-lepoak eta horien eragina minimizatzeko moduak, tren-logistikaren sektorearen modernizatzea eta digitalizazioak eta jasangarritasunak planteatzen dituzten erronkak.
RailFreight Connects 2023rekin batera, Project Cargo Summit ekitaldia egingo da, zama zatikatuaren eta proiektuen zamaren industriari zuzendua. Bi ekitaldietako parte-hartzaileak hainbat alditan bilduko dira, eta bi ekitaldietako lan-saioetara joan ahal izango dira.
Informazio gehiago: RailFreight Connects 2023
Zerbitzu intermodalak zabaltzea
2022an, 4.243 tren sartu edo atera ziren Bilboko Portutik, eta edukiontzien % 27k erabiltzen dute jada trena. Azken urteotan, aurrerapen handiak egin dira portuko trenbide-trafikoaren kudeaketan. Alde batetik, Portuko Agintaritzak portuko trenbide-trafikoaren kudeaketari dagozkion eskumenak erabiltzen ditu, eta maniobren erantzukizuna bere gain hartzen du, asteko 7 egunetan 24 orduz zerbitzu unibertsala, neutroa eta lehiakorra izateko. Bestalde, Urduñako geltokian 750 metro luzeko bazterbide berri bat eraikitzen ari da, Bilboko Portuaren eta Mesetaren artean salgaiak garraiatzen dituzten konboien funtzionamendua arintzeko eta hobetzeko.
Aldi berean, trenbide-zerbitzuak zabaltzen joan dira, eta, hala, aurtengo udan, trenbide-lotura berri bat hasi da Agoncillon kokatzen den Errioxako Zentro Logistiko Intermodalarekin. Zerbitzu berri honekin, Bilboko Portutik tren-konexioak daude Abroñigal, Arasur, Azuqueca, Bartzelona, Coslada, Jundiz, Errioxa, Noain, Nonduermas, Pancorbo, Sevilla, Silla, Valentzia, Vicálvaro, Villafría eta Zaragozarekin.