Ekitaldiak sektorean garatzen diren jasangarritasun-estrategiak eta -jarduerak detektatu nahi ditu, eta horien berri eman.
Bilboko Portuko Agintaritza arlo horretako eragilea da, eta jasangarritasunaren arloko nazioarteko erreferentzia izan nahi du.
Biltzarrean lehen mailako erakunde publiko eta pribatuetako adituak eta arduradunak izango dira, hala nola Gunter Pauli ekonomialari belgikar ezaguna, diotenez, «jasangarritasunaren Steve Jobs».
Bilboko Portuko Agintaritzak, Bilboko Merkataritza Ganberarekin lankidetzan, Portu Jasangarriei buruzko Biltzar bat antolatu du. Bilbon egingo da, azaroaren 8an eta 9an. Ekitaldia Euskalduna Jauregian izango da, azaroaren 8an, eta Getxoko gurutzaontzien terminalean, 9an. Helburua da sektorean jasangarritasunaren arloan garatzen diren estrategiak eta jarduerak identifikatzea eta horien berri ematea. Ekimen honekin, Bilboko Portuko Agintaritza sektorean jasangarritasunaren arloko jardunbide egokiak sustatzeko erreferentzia bihurtu da estatu mailan.
Biltzarrean jasangarritasunean adituak diren profesional ezagunak izango dira, hala nola Gunter Pauli ekonomialari belgikarra. Hainbat gobernuren aholkularia da, eta negozioen eta gizartearen erabateko eraldaketan dihardu. Gunter Pauli «jasangarritasunaren Steve Jobs» dela esaten du The Huffington Postek, eta planeta hobetzearekin lotutako 200 proiektu berritzaile baino gehiago lagundu ditu.
Era berean, portuen eta jasangarritasunaren arloko beste profesional askoren artean, parte hartuko dute, batetik, Carola Hein Delfteko Unibertsitate Teknologikoko Arkitekturaren eta Hirigintzaren Historiako Katedrako irakasle eta presidenteak –portuen garapenari eta portuek beren ingurunearekin duten loturari buruzko artikulu asko idatzi ditu–, eta bestetik, Lehiaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, Jan Hoffman UNCTADeko Teknologia eta Logistika Ataleko buru eta itsas konektibitateko adituak.
Horrela, biltzarrak irauten duen bi egunetan, administrazioek, enpresek, herritarrek eta esparru akademikoan dihardutenek ezagutzak, esperientziak, teknikak eta tresnak partekatuko dituzte, portu-ingurunerako jasangarritasun-estrategia komun bat sortzeko, 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuen barruan.
Ricardo Barkala Bilboko Portuko Agintaritzaren presidentearen hitzetan: «Helburua da portu-jarduerarekin lotutako hainbat erakundetan, gertuen dugun eremuan nahiz nazioartean, jasangarritasunarekin zerikusia duen guztian egiten ari diren esperientziak zabaltzeko eta partekatzeko gure gaitasuna eskaintzea».
Portu Jasangarriei buruzko Biltzarrean arlo horri buruzko hainbat gai landuko dira. Lehen egunean landuko dira gaiok, honako hiru multzo tematiko hauetan sailkatuta: gobernantza eta etika, osasuna eta ongizatea, eta klima eta energia. Bigarren egunean, mahai-inguru bat egingo da, portuaren eta hiriaren arteko harremanean sakontzeko.
Programa osoa, hizlariei buruzko informazioa eta izen-emateak