Esleipendunak besterentzearen prezioa ordaindu behar du, zeinaren gutxieneko zenbatekoa 1,4 milioi eurokoa baita; lanak egin behar ditu —aurrekontua, 20,66 milioi eurokoa—, eta 1,79 milioi ordaindu kostu eta gastuengatik.
Lanak amaitzean, ondoriozko partzelaren desafektazioaren eta besterentzearen izapideak egingo ditu Portuko Agintaritzak, eta partzelaren salerosketa eta eskualdatzea formalizatuko esleipendunarekin. Gutxi asko, 51.739 m2 izango ditu partzelak.
Prozesu hori amaitzean, esleipendunak/erosleak eskubidea du hirigintza-garapenari eta eraikuntza-sustapenari ekiteko, Zorrotzaurreko Eremu Mistoko Hiri Antolamenduko Plan Bereziko AI-2 Jarduketa Integraturako aurreikusitakoari, alegia.
Irailaren 27an amaitzen da eskaintzak jasotzeko epea; esleipena, berriz, urtearen amaiera aldera egingo dela jotzen da, eta obrak 2019ko lehen hilabeteetan hasiko direla.
Zegozkion aldez aurreko izapideak amaiturik —bereziki eragiketaren baimena, zeina Ministro Kontseiluak eman zuen, ekainaren 22an—, Bilboko Portuko Agintaritzak lehiaketa publikoa deitu du, portuko jabari publikoan betetze-lanak egitearen ondoriozko lursailak besterentzeko kontratua esleitzeko. Zorrotzaurreko AI-2 Jarduketa Integratuko hirigintza-eremuari atxikiko zaizkio lursail horiek.
Etorkizuneko gauza saltzeko ondare-kontratu baten bidez egituratzen da aipatutako kontratuaren esleipena, zeina prozedura irekiz bideratuko baita. Hori dela eta, interesdun orok aurkez dezake bere proposamena, betiere betetzen baldin baditu kontratuaren baldintza-orriko ekonomia- eta finantza-kaudimenari eta kaudimen teknikoari dagozkion eskakizunak. Proposamen teknikoak 60 puntu balioko ditu; ekonomikoak, berriz, 40. Gutxieneko salmenta-tasa baino handiagoa izan behar du proposamen ekonomiko horrek. 1.451.796,34 eurokoa da tasa hori, BEZa eta zergak sartu gabe.
Obligazio nagusi hauek ditu esleipendunak: “Deustuko Kanalaren ezker ibarreko betetze-lanak egiteko Eraikuntza Proiektuaren” obrak egitea, zeinen kontrata bidez egiteko aurrekontua 20,66 milioi eurokoa baita (BEZa sartu gabe), eta salmentaren
esleipen-prezioa eta 1,79 milioi euroko zenbateko finkoosagarria ordaintzea (BEZa sartu gabe), Zorrotzaurreko eremuko kostuak eta gastuak direla eta. Portuko Agintaritzak, berriz, obligazio hauek ditu: betetze-lanak egiteko baimena emateaz eta haiek behar bezala egiten diren zaintzeaz gain, ondoriozko partzelaren desafektazio- eta besterentze-prozedura sustatzea eta izapidetzea, eta gutxi asko 51.739 m2-ko lursail bat salerosketa eta eskualdatzea formalizatzea esleipendunari.
Kontratua sinatzean, esleipendunak/erosleak eskubidea du hirigintza-garapenari eta eraikuntza-sustapenari ekiteko, Zorrotzaurreko Eremu Mistoko Hiri Antolamenduko Plan Bereziko AI-2 Jarduketa Integraturako aurreikusitakoari, alegia, zeinak lur-arrasetik gorako 84.649 m2-ko eraikigarritasun maximoa ezartzen duen, eta 42.282 m2-koa lur-arrasetik behera, Ai-2-ren gaineko jabetza-portzentajea % 80 ingurukoa izaki.
2018ko irailaren 27an amaitzen da eskaintzak jasotzeko epea. Portuko Agintaritzaren aurreikuspenen arabera, seguruenik aurtengo urtearen amaiera aldera esleituko da kontratua; beraz, 2019ko lehen hilabeteetan betetze-lanei ekiteko moduan izango da esleipenduna. Obrak egiteko aurreikusten den epea: 22 hilabete. Honenbestez, aurreikuspenak betetzen badira, 2022an amaituko dira Zorrotzaurreko AI-2ko proiektuko lanak.