Bilboko Portuko Agintaritzak erabaki du doan lagatzea Leioako Udalari Lamiakoko ibarreko errepidea (azalera, 22.000 m2 inguru). Lagapenaren arabera, erabilera publikoko eta interes sozialeko errepidea izaten jarraitu behar du bide horrek.
Errepidearen titulartasuna eta kudeaketa ere sartzen dira lagapenean, zeina bat baitator Portuko Agintaritzaren azken urteotako jardunbide eta izapideekin; hau da, doan lagatzen dizkie portuaren inguruko udalei haren jabari publikoko zenbait eremu, eta ofizialki haien titulartasunaren pean jartzen, jada ez baitira beharrezkoak portuko ustiapenerako eta jardueretarako. Eremu horietako asko lehendik ere ari ziren erabiltzen udalerri horiek, portuaren lagapenen edo baimenen bidez, eta azken izapide hori (lagapena) behin betiko soluzio administratiboa baino ez da.
2016an eta 2017an, guztira 85.000 m2 zuten portu-eremuak laga zitzaizkien (doan horiek ere) Santurtziko Udalari (kiroldegia, udal-igerilekuak eta Portugaleteko mugarainoko hiri-ibilbidea dauden sailak), Sestaokoari (Benediktako kiroldegia eta inguruko urbanizazioa dauden azalera), Getxokoari (Loroaren landa deritzon ingurua, non zabuak, hiri-altzariak eta aparkaleku publiko txiki bat duen lorategi-eremu bat ere badagoen) eta Portugaletekoari (Txurruka kaiko igerilekuak).
Etorkizunean ere jarraitu nahi du Portuko Agintaritzak udalei lagatzen zenbait eremu, portuko ustiapenerako jada beharrekoak ez direnak baina bai herrien garapenerako; besteak beste, Santurtziko arrantza-portua.