Proiektu horietako batek Euskadi berrikuntzaren eta deskarbonizazioaren arloan hidrogenoaren aldeko apustuaren nazioarteko lehen lerroan kokatuko du.
Bilboko Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak Bilboko Portuan 46.700 metro koadroko partzela bat emateko lehiaketa Petronorri, Repsol taldearen filialari, esleitzea erabaki du, Punta Sollanan izaera estrategiko nabarmena duen proiektu garrantzitsu bat abian jartzeko, irismen globalekoa eta mundu mailako erreferentziakoa, berrikuntzari eta ingurumen-iraunkortasunari lotua, CO2 isuriak murrizten eta Bilboko Portuaren inguruan hidrogenoaren ekonomia garatzen lagunduko duena.
Proiektu honen xedea, energia berriztagarriarekin sortutako hidrogeno berdearekin erregai sintetikoak ekoizteko munduko instalazio handienetako bat eraikitzea da. Erregai hauen ezaugarri nagusiena lehengai bakarrak ura eta CO2 direla da, eta autoen, kamioien edo hegazkinen errekuntza motorretan erabil daitezkeela, baita beste aplikazio batzuetan.
Hasierako fase batean, inbertsioa 67 milioi eurokoa izango da, eta 2024tik aurrera instalazio horiek martxan egongo direla aurreikusten da. Ondoren, aipatutako proiektua lehenengoaren ondoan kokatuko diren eta 76 milioi euroko inbertsio gehigarria ekarriko duten II. eta III. faseekin osatuko da. Papera, kartoia, plastikoa eta ehunak bezalako hiri-hondakinetatik gasa sortzeko instalazio bat izango da, erregai tradizionalak erabiltzea saihestuko duena eta ekonomia zirkularra sustatuko duena. Hasieran, pirolisi-instalazio horrek urtean 10.000 tona hiri-hondakin inguru prozesatu ahal izango ditu urtean, eta kopuru hori 100.000 tonakoa izan daiteke ondorengo faseetan. Gas hori erregai gisa erabiliko da findegian bertan.
Lurzoru industrialeko azken lursaila
Punta Sollanan esleitutako 46.700 metro karratuak Bilboko Portuko Kanpoko Abrako industrialdeko azken lurzati libreari dagozkio. Petronorren proiektua beste bi proiekturekin lehiatzen zen lehiaketa publikoan, interes handikoak horiek ere.
Azkenean aukeratutako proposamena hainbat alderdirekin lotuta dago, hala nola berrikuntza, punta-puntako teknologia, jasangarritasuna, deskarbonizazioa eta karbono-aztarna murrizten laguntzen duen energia-trantsizioa. Irizpide horiek bat datoz Portuko Agintaritzak Bilboko Portua eremu jasangarriago eta berritzaileago bihurtzeko duen estrategiarekin. Halaber, kontuan hartu dira, besteak beste, berretsitako inbertsio handia, proiektuaren bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta operatiboa eta enpleguaren sorrera.
Repsolek Euskadiren aldeko apustu sendoa egiten du, Petronor bezalako enpresa batek inguruko enplegu eta aberastasunerako duen garrantzia kontuan hartuta. Urtean 12 milioi tona ekoizteko ahalmena du, Espainiako findegi handiena da, eta bere ekoizpenaren heren bat baino gehiago esportatzen du. 1.000 langile inguru ditu, eta eragindako 6.200 langileko enplegua sortzen du.