Lehen fase honetan, dagoeneko erabilera publikoa duten 72.500 m2 eman ditu, eta bigarren fasean, beste 39.100 m2 emango dizkie aipatutako hiru udalerriei
Bilboko Portuko Agintaritzak erakundearen ondare batzuk itsasertzeko udalerriei doan ematea onartu du, duela hamarkada bat Portuaren jabetza publikoko eremu horien desafektazioa egin eta portuaren erabilera eta ustiaketarako beharrezkotzat ez zirela aitortu eta gero.
Eremu horiek, zegozkien emakiden edo portuaren baimenen bidez, udalerri horiek erabiltzen zituzten, eta orain, dagozkien izapideen ondoren, ofizialki udalerri horien jabetzakoak izango dira, doan, gaur egungo erabilera publikoaren eta interes sozialaren xedeetarako.
Une honetan, zehazki, 72.500 metro karratu eman zaizkie Santurtziko, Sestaoko eta Getxoko udalei.
Alde batetik, hemendik aurrera Santurtzirenak izango dira kiroldegiak eta udal-igerilekuek hartzen dituzten ia 56.000 metro karratuak eta haren inguruko kalearen eta pasealekuaren
zati bat, Portugaleterekin muga egiten duen lekuraino.
Sestaoko udalerriari, berriz, 7.234 metro karratuko azalera eman zaio: Benedikta kiroldegiak eta haren ondoko urbanizazioak hartzen duten azalera.
Eta, azkenik, Getxori 9.324 metro karratu eman zaizkio, “Campa del Loro” delako eremuari dagozkionak: zabuak eta hiri-altzariak dituen lorategi-eremu bat eta aparkaleku publiko txiki bat.
Dagozkien izapideak egindakoan —hurrengo urte-amaieran amaitzea aurreikusten da— beste 39.100 metro karratu emango ditu. Kasu horretan, Portugaleteri (Txurruka kaiko igerilekuak), Leioari (Lamiako ingurabidea) eta Santurtziri, berriro (Sardinera pasealekuaren lur-erauzketa).