Portuko jardueran energia-trantsizioa gauzatzeko bere ekimenak aurkeztuko dizkio nazioarteko komunitateari
Datorren urriaren 6an, Movin’on Inside topaketan parte hartuko du Bilboko Portuak. Michelinek hiru hilean behin sortutako eta nazioarteko portu-eremuko profesionalei zuzendutako ekitaldia da, itsas garraioan karbono-emisioak murrizteko eta mugikortasun jasangarriaren erronkari aurre egiteko mundu osoan gauzatzen ari diren aurrerapenak aurkezteko.
Topaketan energia-trantsizioan portuek duten garrantzia aztertuko da, kontsumitzen ditugun ondasunen % 90 inguru mugitzen duen sektore batean hazkunde jasangarria bultzatzeko. 2050. urterako, sektore horrek sortzen dituen berotegi-efektuko gasen emisioak gutxienez % 50 murrizteko erronka izango du.
Agertoki horretan, portuak Hub energetiko estrategiko gisa egituratzen dira, eta inbertsioak erakarri behar dituzte beren azpiegituretan ahalik eta erregai alternatibo gehien zabaltzeko (GNL, hidrogeno berdea, erregai sintetikoak, bioerregaiak, amoniako berdea, besteak beste). Horrela, ontzien operadoreei eta kargatzaileei zerbitzua ematea lortuko da, eta kate logistikoa eta gure industria deskarbonizatzen lagunduko da.
Halaber, portuko agintariek beren kaiak elektrifikatzeko inbertsioetan eta energia berriztagarri gehiago (fotovoltaikoa, eolikoa eta uhin-energia) hartzeko lanetan duten trakzio-lana planteatuko da.
Bilboko Portuko Agintaritzak, Ekaitz López ekonomia- eta finantza-zuzendariaren bidez, portuek itsas garraioaren deskarbonizazioan duten zereginari buruzko mahai-inguru batean parte hartuko du, Europako beste dartsena batzuetako
arduradunekin batera, eta Bilboko Portuak energia-trantsizioaren alde egindako apustu irmoa aurkeztuko du, 2022 honetan iragarritako inbertsio publiko eta pribatuekin. Inbertsio horiek dagoeneko 300 milioi eurokoak dira.
Era berean, azalduko da energia-trantsizio hori lankidetzan egin behar dela, teoriatik ekintzara lehenbailehen pasatzeko beharra dagoela eta prozesu horretan berrikuntzak zeregin garrantzitsua duela.