Bilboko Portuko Agintaritzak lehiaketara atera du Bilboko Portuaren Burgosko Pancorboko tren-terminal logistikoa (TELOF) urbanizatzeko lehen fasea. Lizitazioaren aurrekontua 6,88 milioi euro da, eta obrak egiteko epea, hamar hilabete.
Lehen fasean, 60.000 metro koadro urbanizatuko dira. Haien erdiak sarbideak dira, eta beste erdiak azalera garbia. Kargatzeko eta deskargatzeko maniobragunearen ondoan dago urbanizatu
beharreko eremua. Aurten bertan, obrak hasten direnean, Portuko Agintaritzak merkaturatu egingo du.
Terminalak 480.000 metro koadro ditu guztira, eta faseka urbanizatuz joango dira, modu malguan, eremuan kokatzeko interesa duten eta beren produktuak Bilboko Portuaren bidez inportatzeko eta esportatzeko abantaila logistikoak aprobetxatu nahi dituzten bezeroen beharren eta karga-motaren arabera.
Tren-konexioa
2015aren hasieratik, eta bi urte obretan eman ondoren, terminalak tren-konexioa eta zerbitzu-bideak ditu. Zehazki, trenak bidaltzeko eta hartzeko trenbide bat du, 750 metrokoa, eta maniobrak egiteko bi trenbide hil elektrifikatu, 650 eta 100 metrokoak. Bide-zabalera iberiarrekoak dira, eta nazioarteko zabalerara aldatzeko aukera dute.
Konexio-obretan, Portuko Agintaritzak 13,8 milioi euroko inbertsioa egin zuen, eta Europaren laguntza izan zuen proiektuak, “IBUK-Corredor Intermodal” proiektuaren barruan.