Bilboko Portuko Agintaritzak gaur aurkeztu du, Pancorbon, Burgosko herri horretan eraikitzen ari den tren-terminal logistikoaren (TELOF) ustiaketa- eta kudeaketa-eredua.
Ekitaldian, inguruko hainbat karga-bidaltzaile eta Bilboko portu-komunitateko ordezkari ugari izan dira, besteak beste, Pancorboko alkate Carlos Ortiz, Gaztela eta Leongo Juntako Sustapen eta Ingurumeneko sailburu Juan Carlos Suárez-Quiñones, Gaztela eta Leongo gobernu-ordezkari María José Salgueiro, Estatuko Portuen lehendakari José Llorca, Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxa eta Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketetako, Arlo Komertzialeko eta Logistikako zuzendari Luis Gabiola. Azken horrek azaldu ditu Bilboko Portuarentzat estrategikoa den azpiegitura horren xehetasun guztiak.
Portuko Agintaritzak 2011ko urtarrilean sinatu zuen “El Prado” industrialdearen lursailen erosketa, TELOF bertan eraikitzeko. 480.000 m2-ko azalera du guztira, eta kokapen estrategikoa du, AP-1 autobidearen eta trenbide nagusiaren ondoan baitago.
Tren-konexioen eta zerbitzu-bideen lanak 2013ko irailean hasi, eta 2015eko martxoan amaitu ziren. Comsa-k eta Cycasa Canteras y Construcciones-ek osatutako ABBEak egin zituzten. Lan horiei esker, terminalak trenak bidaltzeko eta hartzeko trenbide bat du, 750 metrokoa, maniobrak egiteko trenbide hil elektrifikatu bat, 650 metrokoa, eta kargatzeko eta deskargatzeko bi trenbide, 650 eta 600 metrokoak. Bide-zabalera iberiarrekoak dira, eta nazioarteko zabalerara aldatzeko aukera dute.
Horrez gain, 2015eko azaroan, Rover Alcisa eta Cyes Maritime Works enpresek osatutako ABEEari esleitu zitzaion tren-terminal logistikoa (TELOF) urbanizatzeko lehen fasea. Gaur egun, gauzatze-fasean dago. Lanak 2017ko hasieran amaituko dira.
Terminalaren gainerakoa faseka urbanizatuz joango da, malgutasunez, eremu logistiko horretan kokatzeko interesa duten bezeroen beharren eta karga-motaren arabera.
Portuko Agintaritzak 38 milioi euro inguruko inbertsioa egin du orain arte. Lursailak erosteko, itzuli beharrik gabeko 2,1 milioi euroko diru-laguntza eta 500.000 euroko mailegu subentzionatu bat jaso zuen Reindus Planetik. Bestetik, Europako Batzordeak
1,96 milioi eurorekin kofinantzatu du Pancorboko tren-konexioa, TEN-Ten 2011ko deialdian aurkeztutako “IBUK Intermodal Corridor” proposamenaren barruan.
Kudeaketa-eredua eta zerbitzuak
Terminala kanpo-operadore batek kudeatuko du, trengintzan esperientzia duen eta bezeroak erakartzeko gaitasuna duen kanpo-operadore batek. Bilboko Portuaren bidez garraio intermodala (kamioia eta trena) ahalbidetuko du, beste tren-zerbitzu batzuei eta sailkatze-eragiketei erantzunez.
Hauek dira hasierako baldintzak:
• Lursailek erabilera logistikoa, industriala (industria arina eta ertaina), trengintzakoa, hirugarren sektorekoa (baldintzekin), zuzkidura eta ekipamenduak izatea.
• Gutxienez 4.000 m2 dituzten lursailak; gehienez, % 80ko okupazioarekin
• Lurzorua merkaturatzea, ahal dela alokairu-erregimenean eta prezio lehiakorretan.
Hauek izango dira terminalaren zerbitzu nagusiak:
Merkantzia eta edukiontzietarako zerbitzuak
• Edukiontzien manipulazioa
• Edukiontzi beteen biltegia
• Edukiontzi hutsen biltegia
• Taldekatzea eta taldeak banatzea
• Edukiontziak garbitzea eta konpontzea
• Merkantziak biltegiratzea
Tren eta kamioietarako zerbitzuak
• Ibilgailuak kargatzea eta deskargatzea (kamioiak eta trenak)
• Garraioa antolatzea eta kudeatzea
• Bagoien manipulazioa
• Gidariei eta ibilgailuei arreta emateko zerbitzuak
Informazio-zerbitzuak
• Bilboko Portutik ontziak irteteko ordutegiak, itsasoko lineak eta portuko zirkulazioa
• Dokumentazioaren kudeaketa
TELOFen barruan, Bilboko Portuak, erabilera logistiko-industrialerako eta merkantziak kudeatzeko eremu gehiago ditu, eragile interesdunei alokatu edo sal daitezkeenak.