Istripuak eragozteko behar diren segurtasun-neurriak hartzea da lanen xedea, eta leherketa txiki kontrolatu batzuk egin beharko dira
Bilboko Portuko Agintaritzak hurrengo astean ekingo die Bilboko Portuko Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzeko lanei, berriro ez dadin, azken urteetan gertatu den bezala, harrizko blokerik irristatu eta erori.
Lanen eraginkortasuna eta iraunkortasuna bermatzeko, eta zenbait azterketa egin ondoren eta enpresa aditu batzuen aholkuak jaso eta gero, erabaki da eremua “orraztea”. Orrazteak esan nahi du kotarik altuenetik hasi eta baxueneraino leherketa txiki eta kontrolatu batzuk eta beste lan gehigarri batzuk egitea.
Hogeita hamar hilabete iraungo dute lanek, eta eremuko enpresei 48 ordu lehenago jakinaraziko zaie zehatz-mehatz zer egunetan egingo diren leherketak (hilean 10 edo 15 bat). Lehenengo leherketa azaroaren 30ean egingo da. Egunean bertan, bi ordu lehenago esango zaie leherketak zer ordutan egingo diren zehatz-mehatz, eta, horrez gain, leherketa bakoitza baino lehen, seinale akustiko baten bidez iragarriko zaie obren eremutik gertuko dauden portuko instalazioei. Zierbenako auzo batzuetan ere entzungo dira leherketok. Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak gainbegiratuko ditu lanok.
Leherketa horietarako erabiliko den teknika lehenago ere erabili izan da, BI-625 errepidean —AP8a Arrigorriaga Zaratamoko loturarekin lotzen den inguruan— eta Toledoko alde zaharrean.
Abantaila tekniko, ingurumeneko eta finantzarioei dagokienez, eta garai berean izan denez, proiektu hau erdialdeko kai-muturra eraikitzeko proiektuaren barruan sartu da, eta 79 milioi euroko aurrekontu orokorra du. Europako Batzordeak zenbatekoaren % 20 jarriko du, Connecting Europe Facility (CEF) programaren esparruan, eta gainerakoa Portuko Agintaritzaren funtsen bidez ordaindutako da. Zenbateko horretatik, % 11 inguru harrobia egonkortzeko lanetara bideratuko da.
Harrobia geldituta dago
Punta Luceroko harrobi zaharra Zierbenan dago, eta Bilboko Portua hedatzeko materiala lortzeko ustiatu zen 1970eko hamarkadatik duela 15 bat urtera arte. Orduz geroztik, ez da handik materialik erauzi, portuko azpiegituretarako behar izan diren materialak portutik gertu dauden harrobi komertzialetatik edo gertuko beste obra batzuetatik lortu baitira.
Parterik handienean, itxura egonkorra du eta ez du arazorik eragiten, arroka-lauzen posizioak eta inklinazioak eragin nabarmena duten eremu batean izan ezik; eremu hori narriatzen ari da pixkanaka, euriaren eta tenperaturen eraginez. Eremu
horretako luizien eraginez, itxi egin behar izan dute behetik pasatzen den bidea, segurtasun-arrazoiak direla eta, eta hormigoizko blokeak jarri behar izan dituzte, hegalean mugitzen diren harriak produktu petrokimikoen biltegietaraino ez daitezen iritsi.
Hartutako neurri horiek behin-behinekoak ziren, eta beharrezkoa zen inguruneari soluzio iraunkor bat ematea; hala, portuko jarduerak behar bezala gauzatzeko behar den segurtasuna lortuko da; bai bidean kamioiak ibiltzeko, bai ontziratu gabeko likidoak biltegiratzeko.
Horregatik, kaltetutako eremuaren aurretiazko azterketa bat egitea erabaki zen, eta ondoren hura garatzea hegalari egonkortasuna emateko konponbideekin, zenbait faktore kontuan izanda, hala nola segurtasuna eta iraunkortasuna. Ainguraketa eta sare bidez eusteko aukerak baztertu egin ziren, epe ertain eta luzera ez ziotelako ondo eutsiko; beraz, erabaki zen eremu horretan hegala birprofilatuz egonkortzea. Horretarako, ezponda eta berma egokiak jarriko dira, lehen esan bezala, segurtasuna eta iraunkortasuna epe luzean bermatzeko. Birprofilatze horrek soberakina sortzen du, eta kendu eta beste nonbait utzi behar da.
Lan horiek egiteko premiak portuko beste lan batzuen hasierarekin bat egin duenez —kai berri bat eraikitzeko lanak, non kanpoko materiala behar den—, erabaki da hegala egonkortzearen ondorioz sortzen den material-soberakina kai berria betetzeko aprobetxatzea; hala, bi lanak konpentsatuko dira. Beraz, Punta Luceroko material soberakin guztia Erdialdeko Kaiaren material-beharren zati bat betetzeko erabiliko da.
Horregatik lizitatu eta esleitu dira lehiaketa publiko berean bi obrak, nahiz eta proiektu desberdinak izan. Obrak horrela koordinatzeak baditu zenbait abantaila. Besteak beste, kontratista berak egitea biak, baliabide ekonomikoak optimizatzea, Europako funtsen diru-laguntza barne, ingurumen-hobekuntza nabarmenak eragitea, eta inguruko udalerrietan kamioien zirkulazioa minimizatzea.