Bilboko Portuko terminal berria, Getxoko 3. gurutzaontzi-kaian kokatua, martxan hasi da, eta iritsi da urteko lehen gurutzaontzia: P&O Cruises konpainiaren Britannia ontzia. Bilboko Portuak guztira 6 milioi euro inbertitu ditu. Haietatik, 4,6 milioi eraikinera bideratu dira; milioi bat, gangway-ra, eta 0,4 milioi, ingurua urbanizatzera.
Terminala diseinatzeko, halako eraikinen eskaera funtzionalen azterketa zorrotza egin da —arreta berezia eskaini zaie gurutzaontzien ontzi-enpresa operadore handiek emandako datuei eta itsasontzientzako nazioarteko segurtasun-arauei— eta munduko terminal onenak bisitatu dira, erreferentzia gisa. Horren ondorioz, eta aplikatutako kalitateko eta itsas segurtasuneko estandar handiei esker, estazio hau Europako abangoardian kokatu da. Horrek guztiak beste bultzada bat emango du Euskadira iristen diren turisten zirkulazioa areagotzeko, eta ontziratze- eta lehorreratze- zerbitzua eta -lanak hobetuko dira; alderdi hori oinarrizkoa da oinarri-portu gisa hazi nahi duten portuentzat eta, beraz, Bilbokoarentzat.
Eraikinaren diseinua, eraikuntza-proiektua eta obra-zuzendaritza Ajuriaguerra Tres arkitektura-enpresak egin ditu; eraikina Giroa eta Viuda de Sainzek osatutako ABEEak egin du, eta gangway-a Prosertek enpresak eraiki du. 2016ko martxoan ekin zitzaien lanei.
Ezaugarriak
Eraikina edukiontzi beiradun handi bat balitz bezala diseinatuta dago; haren barruan, ondo bereizita daude bidaiarien eta ekipajeen joan-etorriak nahiz ontziratzeko eta lehorreratzeko guneak, bakoitzak bere ibilbideak eta eskailerak baititu. Hamabost metro garai da, 3.200 metro koadro erabilgarri ditu, eta bi solairu nagusi eta solairuarte bat dauzka.
Beheko solairuan, ataria dago, eta han egingo da bidaiaren harrera eta ontziratzekoak diren bidaiarien ekipajeen fakturazioa. Halaber, leku zabal bat egongo da lehorreratzen diren bidaiariek ekipajeak jaso ditzaten, baita turismo-informazioko erakusmahaia ere. Solairuartean, VIP aretoa eta bulegoak egongo dira. Lehen solairuan, itxarongela, ontziratzekoak diren bidaiarien kontrol-eremua eta lehorreratzeko gunea jarriko dira.
Horrez gainera, 169 m luzeko pasagune bat dago kanpoan, eraikinari itsatsia; haren bidez ontziratuko eta lehorreratuko dira bidaiariak.
Ingurunean txertatzea eta materialak
Garraio-azpiegitura handien modura (tren-estazioak,
aireportuak, etab.) eraikin hori Euskadira sartzeko atenagusietako bat da. Hori dela eta, irudi moderno eta erakargarri bat bilatu da, baina, aldi berean, dinamikoa eta indartsua, bisitariei gizarte moderno, ekintzaile eta bikaintasun-balioetan guztiz inplikatutako baten argazkia transmitituko diena.
Diseinurako, ingurunea hartu da inspirazio-iturri, eta halako leku pribilegiatuan txertatzeko moduko eraikin bat egin nahi izan da. Hori lortzeko, zinkezko estalki arinari uhin-forma eman zaio, olatuen antza izan dezan, eta beirazko itxiturak erabili dira. Soluzio arkitektonikoetan, itsasontzi-arkitekturari “keinu” batzuk egin zaizkio; adibidez, batetik, pasabide finkoaren egitura osatzen duten “zuakerrak”, eta, bestetik, estalkiaren euskarrien “V” forma, ontzi zaharretan erabiltzen zirenen antzekoa.
Materialak aukeratzean, funtzionaltasuna, iraunkortasuna, mantentze-erraztasuna eta segurtasuna lehenetsi dira. Itsas giroa eta tokiko klimatologia kontuan izanik, arreta berezia jarri da eraikinaren elementu metalikoei ahalik eta babes-maila handiena ematean, korrosioa saihesteko eta, suteren bat bada, eraikina segurtasunez ebakuatzeko besteko erresistentzia izateko. Zinkezko estalkia bereziki egokia da itsasoaren lehen lerroan dagoen eraikin baterako, giro oso bortitza jasan beharko baitu.
Bestalde, eraikinaren barruan kalitatea eta goxotasuna transmititu nahi izan dira, eta, horretarako, material gutxi erabili dira, guztiak puruak, garbiak, bai diseinuz eta bai konposizioz ere, eta, erresistentziari eta iraunkortasunari dagokienez, prestazio tekniko handikoak.
Zuzeneko sarbidea itsasontzira
Ontzietarantz irekitzen da geltokia, ontziratze- eta lehorreratze-maniobrak errazteko eta bidaiarien erosotasuna bermatzeko. Bidaiariak aipatutako eraikinaren kanpoko pasagunetik sartzen dira ontzira, zuzenean eta seguru, kaia zapaldu beharrik gabe, plataforma mugikor edo “gang-way” bati esker. Edozein marea-mailatan itsasontzi guztien ontziratze-ateen altuerara egokitzen da azpiegitura hori, itsasontziaren tamaina edozein dela ere, eta, hala, mugikortasun urriko pertsonak sartzea errazten da.
Maleten zirkulazioa eta itsasontziak behar dituen hornidurak kalean egiten dira, atrakalekuaren ondoan, bidaiarien joan-etorritik erabat aparte dagoen eremu batean.