Bilboko Portuak eta Mercabilbaok batera hartuko dute parte, beste edizio batean, Fruit Attraction azokan. Fruta- eta barazki-esportatzaile eta -inportatzaileekiko topagune nagusia da Fruit Attraction, urriaren 4tik 6ra Madrilen izango dena. Bilboko Portuak eta Mercabilbaok Fruit Attraction-en izango duten standaren helburua da estatuko eta nazioarteko operadoreei penintsularen iparraldean elikagai-hub gisa duten posizioa hurbiltzea, eta sarrera-fluxuak handitzeko aukera berriak aztertzea.
Bere itsas zerbitzuen kopuru handiari, eskaintza intermodalari, galkorren trafikoan duen esperientziari, hotzerako azpiegiturei eta Mercabilbaorekin batera egiten duen lanari esker, Bilboko Portuak Erdialdeko Amerika, Hego Amerika, Hego Afrika eta Espainiako hainbat tokitako fruta eta barazkien trafikoa bideratzen du, Europa eta Penintsulako beste leku batzuetara eramateko. Merkatuen artean, Erresuma Batua eta Irlandako Errepublika nabarmentzen dira, horiekin Bilboko Portua liderra dela Espainiako itsas garraioan.
Fruit Attractionen erakutsiko diren fruta eta barazkien inportazio eta esportaziotik eratorritako trafikoari erantzuteko zerbitzuen artean, Bilboko Portuak bere bezeroei prozesuak eta eragiketak arintzeko eskaintzen dien plataforma telematikoa nabarmentzen da.
Azpiegiturei dagokienez, Espainiako iparraldeko edukiontzi-terminalik garrantzitsuena du Bilboko Portuak, eta, aldi berean, sakonera handikoena, CSP Iberian Bilbao Terminalek kudeatua. Terminala Europako iparraldeko portu nagusiekin konektatuta dago, 540 entxufe-hartune ditu reefer edukiontzietarako, eta sarbide automatizatua du, eragiketa guztiak arintzen eta errazten dituena, baita produktu freskoen garraiolariena ere. Halaber, 550 metroko tren-terminala eta lau trenbide ditu.
Portu honek, gainera, ro-ro terminalak eta erabilera anitzeko terminalak eta galkorren biltegiak ditu. Alde batetik, Frioporteko hotzeko terminalak 4.800 metro karratu ditu, bi izozte-ganbera -25 gradutara – guztira 16.300 metro kubiko dituztenak-, eta hotz positiboko hiru ganbera, 7.500 metro kubikorako edukierarekin.
Progecok, berriz, salgaiak biltegiratzeko eta ontziz aldatzeko bi instalazio ditu, eta, guztira, 6.000 metro karratu hotz positibo ditu. Gainera, hozkailu-edukiontziak biltegiratzen, mantentzen eta konpontzen ditu enpresa horrek. Horretarako, egituran eta hozteko makinetan edozein gorabehera artatzen duten profesionalak ditu urteko 365 egunetan, ontzi-enpresei eta sektoreko bezero guztiei zerbitzua emateko, hotz-katea eten eta apurtu ez dadin.
Era berean, Bilboko Portuak Mugako Kontrol Postu / Border Control Point (MKP) bat du, Espainiako portuen artean abangoardian. Edukiera handiko instalazio bat da, 16 sarbide dituena, egunean 24 orduz martxan dagoena eta honako gaikuntzak eskaintzen dituena: MKP, deskarga-portua, PED (Sarrera-puntu izendatuak), PED/PDI (Zenbait hirugarren herrialdeetako elikagaien kontrolerako puntuak), erradioaktibitatea, RAH (Gaitutako aduana-barrutiak) eta PPI (Lehen aldiz sartzeko puntuak).
Mercabilbao, produktuak nazioartekotzeko kokaleku estrategikoa
Iberiar Penintsulako iparraldeko eta Frantziako hegoaldeko elikagai galkorrak banatzeko zentrorik handiena da Mercabilbao. Kokapen estrategikoa du, Paris-Hendaia-Madril ardatzaren eta Kantauriko autobiaren arteko elkargunetik oso hurbil dago, eta zuzeneko lotura du autobide-sarearekin. Bilboko Portuaren ondoan, puntu ezin hobea da nazioartekotze-estrategia eraginkorra eta kalitatezkoa gauzatzeko.
Alde horretatik, abantaila lehiakorra da fruta eta barazkien sektoreko operadoreentzat, bai baliabideei, ekonomiari, denborari, azpiegitura erabilgarriei edo biltegi logistikoei dagokienez. Hain zuzen, 2021ean, Mercabilbaok 234.119 tona fruta eta barazki merkaturatu zituen, bere 50. urteurreneko urtean zifra historikoak.
Bilboko Portuarekin egindako aliantza horrek abantaila lehiakorra ematen dio Elikagai Unitateari fruta eta barazkien trafikoa erakartzeko. Horri esker, Europako eta Ameriketako beste merkatu batzuekin konekta daiteke, batez ere Euskadi Akitania Euro-eskualdearen jarduera bateratuen esparruan. Mercabilbao eta Bordeleko Merkatu Zentrala elkarlanean ari dira jarduera bateratuak garatzeko eta gizarteari zerbitzu hobea emateko.