Bilboko portuko komunitateko hogei enpresak osatutako ordezkaritza batek parte hartu du Ebroko Erriberako (Errioxa, Nafarroa eta Aragoi iparraldea) esportatzaileei eta inportatzaileei zuzendutako jardunaldi batean.
Jardunaldia Calahorran izan da, eta UniportBilbao Bilboko portuko kluster multimodalak antolatu du. Bertan, Europa Atlantikoko zonarako – Bilboko portua liderra baita han – zein ozeanoz haraindiko merkatuetarako – Ameriketako Estatu Batuetako edo Asiako, adibidez – eskaintzen dituzten azpiegiturak eta zerbitzuak ezagutarazi dira; zerbitzu horiek salgai-mota guztietara egokitzen dira. Bilboko Portuak, gainera, lurreko konektagarritasuna du, salgaiak kai-muturrera hurbiltzeko, gero ontziratzeko eta, deskargatu ondoren, azken helmugara eramateko. Hori guztia zerbitzu multimodalen sare ezinbesteko eta lehiakor batekin osatzen da: itsas terminalak, itsasontziari laguntzeko zerbitzuak, aduana-ordezkaritzako zerbitzuak, biltegiratzea eta gordailua, lurreko garraioa, trenbidea, airekoa, biltegiak, ziurtagiriak, konponketak, aholkularitza eta aseguruak, etab.
Bilboko Portuko Agintaritzarekin batera, enpresa elkartuetako ordezkariek osatu dute ordezkaritza: Access World (Spain), Asthon Cargo Bilbao/ Share Logistics, Bas&Josa, Bergé Marítima Bilbao, C. Toro y Betolaza / Finnlines, Frigoríficos Portuarios del Norte (Frioport), Kuehne & Nagel, Mediterranean Shipping Co./MSC, MGM & Asociados, Servicios Logísticos Portuarios SLP, Servicios Intermodales Bilbaoport / SIB Port, Sparber Líneas Marítimas, Suardíaz Logistics Ibérica, TransVol, Vapores Suardíaz Norte, Vasco Shipping Services eta WEC Lines España.
Jardunaldia Calahorrako paradorean egin da otsailaren 20an, 13:00etatik 15:30era, eta balio izan du Bilboko zerbitzu logistiko multimodalen eskaintzaren lehia-abantailak Ebroko Erriberako kanpo-sektorera (Errioxa, Nafarroa eta Aragoiko iparraldea) hurbiltzeko, edozein merkantzia-mota nazioartekotzeko orduan, haien tamaina, pisua, materiala edo helburua edozein dela ere.
Erribera eskualdean eta inguruetan, Bilboko enpresek bezero ugari dituzte, bai inportatzaileak / esportatzaileak, bai nazioarteko garraio-enpresak.