Talentu gaztea logistika- eta portu-sektorera erakartzeko eta Bizkaiko profesional gazteak lan-munduan sartzen laguntzeko, Bilboko Portuko Agintaritzak eta UniportBilbaok – Bilboko Portuko kluster logistiko multimodalak – Bilboko Merkataritza Ganberako II. Enplegu Azokan parte hartuko dute.
Portuko komunitateak stand bat izango du jardunaldian, eta, horren bidez, Bilboko Portuak eskaintzen dituen aukera profesionalak hurbilduko dizkie 16 eta 30 urte bitarteko Lurraldeko gazteei. Portuko Agintaritzako eta UniportBilbaoko ordezkariekin elkarrizketa pertsonalak egiteaz gain, standera hurbiltzen diren parte-hartzaileak ere izena eman ahal izango dute portuko komunitateko lan-poltsan, karrera profesionalari ekiteko. Halaber, 11:30ean izango den ‘Aukera profesionalak Bilboko Portuan. Oraina eta Geroa’ hitzaldira joan ahal izango dira.
Algecirasetik Le Havrera doan gune logistiko, industrial eta energetiko nagusia da Bilboko Portua, eta bere aktibitateak Euskadiko BPGri % 8ko eta Bizkaikoari % 17ko ekarpena egiten du. 58.000 lanpostu baino gehiago sortzen laguntzen du hainbat lanbidetan; besteak beste, zamaketariak, gidariak, atoiontzietako tripulatzaileak, amarratzaileak, garraio-kudeatzaileak, kontsignatarioak, aduana-agenteak, garraiolariak, estekatzen adituak edo ikuskatzaile sanitarioak, baita ingeniariak, abokatuak, ekonomialariak, merkataritza- eta marketin-teknikariak, administrariak, arduradunak, mantentze-lanetako arduradunak, patroiak, portuko poliziak ere, beste batzuen artean.
Ekitaldia Bilboko Merkataritza Ganberaren egoitzan egingo da, 9:00etatik 18:00etara. Parte hartu nahi duten gazteek camarabilbao.com web orriaren bidez eman dezakete izena.
Talentu gaztea erakartzea
Ibilbide profesionala logistikan eta portuetan egin nahi duten gazteak sartzeko etengabeko ahaleginean, Bilboko Portuko Agintaritzak hainbat jarduera egiten ditu Portuko lan-errealitatea Bizkaiko gazteei hurbiltzeko, eta, hala, lan-merkatuan sartzen laguntzeko.
Horien artean, Portuko Agintaritzako sailen arlo funtzionaletan garatu beharreko Enpresan Praktikak egiteko Programa nabarmentzen da. Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak sustatutako ekimen bat da, unibertsitate-ikasketak edo goi-mailako heziketa-zikloak dituzten 30 urtetik beherako gazteei zuzendua, langabezian daudenei, haien prestakuntzarekin lotutako esperientzia kualifikaturik eta praktika profesionaletan beka bat izan ez dutenei zuzendua.
Halaber, Portuko Agintaritzak talentu gaztea erakartzeko ekintzetan parte hartzen du. Duela gutxi, Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan aritu da As Fabrik proiektuan. Portua aurkeztu zaie Data Analytics-eko lehen mailako ikasleei, eta erronka gisa portuko trafikoa aztertzea proposatu die. Talde bakoitzak lortutako emaitzak abenduaren 9an Portuko Agintaritzaren ekitaldi-aretoan egingo den Demo Day batean aurkeztuko dira.
Portuko Agintaritzak beste ekimen hauetan ere parte hartzen du: Industria Erronka, FVEM – Metal Enpresen Bizkaiko Federazioak sustatua; Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Enplegu eta Enpresak Aurkezteko jardunaldia; eta Deustuko Unibertsitateko Enplegu Azoka.