Bilboko Portuko Agintaritzak berrikuntzarekin eta energia-trantsizioarekin duen konpromisoa aintzatetsi du International Association of Ports and Harbours-ek – 84 herrialdetako 177 portu eta portuekin lotutako 147 enpresa biltzen dituen elkarteak -, Bilboko Portuak Sustainability Awards 2023 deialdian aurkeztutako bi proiekturen finalista izendatu baititu.
Bilboko Portuko Agintaritzaren BilbOPS proiektua Klima eta Energia kategorian izendatu dute, trantsizio energetikoa eta karbonoan neutroak izateko portuek egiten dituzten ahaleginak aintzatesten duena. Kategoria honetako beste bi proiektu finalistak Fijiko eta Santa Cruz Tenerifeko Portuko Agintaritzen ekimenak dira.
Bestalde, Bilbao PortLab Bilboko Portuko berrikuntza-hub-a finalista da Komunitate-eraikuntza kategorian, portuen integrazio soziala eta gobernantza korporatibo onaren printzipioak nabarmentzen dituena. Bilbao PortLab-ekin batera, Egipto, Espainia, Frantzia, Italia, Jordania, Libano eta Tunisiako Portuko Agintaritzek aurkeztutako lankidetza-proiektu bat eta Argentinako Puerto Dock Sud-en ekimen bat lehiatzen dira.
IAPHko Sustainability Awards 2023ko kategoria ezberdinetan saritutako proiektuak epaimahai profesional baten eta publikoaren botoekin erabakiko dira. Publikoak irailaren 24ra arte eman ahal izango ditu bere botoak, lehiaketaren webgunean: sustainableworldports.org.