Esportazioak % 8 hazi dira, eta hazkunde handienak Erdialdeko Amerikarekin, Asia pazifikoarekin eta Hego Amerika pazifikoarekin izan dira
Urteko lehen seihilekoan, 15 bat milioi tona mugitu dira Bilboko Portuko instalazioetan; beraz, % 1,6ko hazkundea izan da iazko aldi bereko datuen aldean (+233.131 tona).
Segmentuka, karga lehorra —barnean direla edukiontzietako trafikoa, merkantzia orokor konbentzionala eta ontziratu gabeko solidoak— % 3 inguru handitu da. Nabarmentzekoak dira, bereziki, merkantzia orokor konbentzionala (+% 5) eta edukiontzitan garraiatzen dena (+% 4). Balio erantsi handia dute biek; izan ere, portuko merkaturatze-maila adierazteaz gain, portuko eskulanaren bolumen handiagoa behar dute, eta merkantzia-garraioaren sektore guztiak dinamizatzen dituzte. Manipulatutako edukiontzien kopurua, nazioartean TEUtan neurtua (Twenty Equivalent Unit; 20 oineko edukiontzi baten baliokidea), 302.916 izan da, iazko ekainean baino % 2 gehiago. Halaber, hozkailu-edukiontzien esportazioa, hots, merkantzia galkorra garraiatzen dutenena, % 19 handitu da.
Beste ohar positibo bat ontziratu gabeko produktu solidoen nahiz likidoen joera-aldaketa da: hilabetetan behera egin ondoren, gora ari dira orain.
Garraiatutako merkantziei dagokienez, petrolio gordinak jarraitzen du bolumen handienekoa izaten (trafikoaren % 24); jarraian, produktu siderurgikoak eta fuel-olioa daude: totalaren % 10 dute biek ere. Hazkunde handienak trafiko hauetan izan dira, kopuru absolututan: gasolioa, zementua eta klinkerra, produktu siderurgikoak, elikagai-produktuak, bioerregaiak eta produktu metalurgikoak.
Esportazioek gora egin dute
Bilboko Portuaren bidez egiten diren esportazioek hazten jarraitzen dute, eta, ekainera arte, % 8 hazi ziren; inportazioak, berriz, iazko lehen seihilekoaren antzeko mailatan mantentzen dira.
Kanpoko zirkulazioaren % 44 Europa Atlantikoaren eremuko herrialdeekin egiten da. Dena den, hazkunde handienak Erdialdeko Amerikarekin (+% 39), Asia pazifikoarekin (+% 30) eta Hego Amerika pazifikoarekin (+% 49) egindakoak izan dira. Halaber, Bilbok jarraitzen du izaten Erresuma Batuarekiko zirkulaziorik handiena duen Estatuko portua; hain zuzen ere, Erresuma Batua da Bilboko Portuaren merkatu nagusia.
Turista gehiago sartu dira
Bilboko Portuaren instalazioak erabiltzen dituzten bidaiarien
kopuru totalean, % 32ko hazkundea izan da: 61.841 turista. Gurutzaontzien jarduerari bultzada indartsua eman zaiolako lortu da hazkunde handi hori. 24 gurutzaontzik egin dute eskala —iazko ekainera arte baino hamabi gehiagok— eta 30.767 bidaiari izan dira, iaz garai honetan baino 21.143 gehiago.
Bestalde, Bilbo-Portsmouth ferryak 31.074 bidaiari izan ditu (–% 16). Otsailean ekaitzagatik bi eskala galdu zirelako izan da jaitsiera hori.
Inbertsioa handitu egin da
Urteko lehen sei hilabeteetako negozio-zifra 30,5 milioi euroan mantentzen da, nahiz eta urtarrilean eta otsailean denboralea izan eta Bilboko Portuko Agintaritza 2014ko urtarrilaren 1etik okupazio-tasa txikiagoak ari den aplikatzen. Merkantzia-trafikoen gorakadarekin konpentsatu dira.
Bestalde, lehen seihilekoan, 20 milioi euroko inbertsio-zifra izan da. Guztira, 2014an, Portuko Agintaritzak 54,7 milioi inbertituko ditu.
Hauek izan dituzte ardatz inbertsio nagusiek: gurutzaontzien hirugarren atrakalekua (maiatzean bukatu zuten), Punta Sollana dikea luzatzea eta Pancorboko tren-terminal logistikoaren tren-konexioa. Hiru azpiegitura horien helburua da zirkulazio handiagoa izatea —gaur egun beste portu batzuk hautatzen dituztenak erakartzea— eta, horren ondorioz, gure ekonomiarako aberastasun handiagoa lortzea.
Punta Sollanko eta Pancorboko lanek Europar Batasunaren kofinantzazioa dute. Punta Sollana luzatzeko lanak “Bilboko Portuaren Ingurumen Errendimenduaren Hobekuntza eta Eragiketa Eraginkorrak” proiektuan sartzen dira (TEN-T 2012 deialdia), eta Pancorbokoak, berriz, “IBUK-Korridore intermodala” proiektuan (TEN-T 2011 deialdia).