Salgaien trafikoak bilakaera positiboa izan du 2024an Bilboko Portuan. Bertatik, 34,4 milioi tona esportatu edo inportatu ziren 2024an, hau da, aurreko ekitaldian baino 1,6 milioi tona gehiago, tokiko trafikoa eta hornidura kontuan hartu gabe. Bilboko Portuaren hazkundea +% 5ekoa izan da ehunekotan, interes orokorrekotzat jotzen diren 48 portuen batezbestekoa (+% 2,7) baino handiagoa.
Salgai-motei dagokienez, gas naturalak eta edukiontziek behera egin dute; ontziratu gabeko produktuek, ibilgailuen salgaiek eta bidaiarien trafikoak, berriz, hazkunde nabarmena izan dute.
Horrela, Ontziratu gabeko salgai likidoek milioi bat tona inguruko hazkundea izan dute (% 4,5). Gehien hazi diren salgaiak produktu kimikoak, gasolioa eta petrolio gordina dira, eta %19 jaitsi da gas naturala. Alde horretatik, esan beharra dago gas naturala eta antzeko trafiko garrantzitsuen beherakada koiunturalak, 831.000 tonakoak, ezin direla aurreikusi, oso lotuta baitaude ekonomiaren bilakaerarekin, zalantza geopolitikoekin eta beste aldagai batzuekin.
Ontziratu gabeko salgai solidoak, berriz, % 10 igo dira, batez ere mineral ez-metalikoengatik eta produktu kimikoengatik. Salgai orokorra % 4 hazi da. Atal horren barruan, Europa Atlantikoarekiko Ro-Ro karga % 29 hazi da tonatan, eta % 22 GIUetan (garraio intermodaleko unitatea), 45.620 unitatera iritsita, Europar Batasunaren irizpidearen ildotik. Irizpide horren arabera, errepideko trafikoa hartu eta itsasontzira bideratu nahi da, modu jasangarriagoan, lehiakortasuna mantenduz edo hobetuz. Alde horretatik, ohiko salgaien % 35 eta salgai guztien % 3,5 garraiatzen da ibilgailuz.
Bilboko Portuko trafikoaren erdia inguruk (% 46) Europa du jatorri edo helmuga, eta beste erdia distantzia luzeko trafikoa da: % 17 Ipar Amerika, % 14 Hego Amerika, % 13 Asia, % 9 Afrika eta % 1 Erdialdeko Amerika.
Esportazioetarako bost merkatu nagusiak dira Erresuma Batua, Belgika, Herbehereak, Frantzia eta Estatu Batuak; inportazioetan, berriz, Errusia, Estatu Batuak, Brasil, Mexiko eta Venezuela nabarmentzen dira.

2024an gehien hazi den herrialdea Guyana da, 945.000 tona mugitzera pasatu baita herrialde horretatik datorren petrolio gordinaren inportazioagatik; eta trafiko gehien galdu duen herrialdea Estatu Batuak dira (-% 15). Bilboko Portuaren eta Estatu Batuen arteko trafikoa 614.275 tonakoa da, eta deskargatzen diren merkantzia nagusiak gasolioa, petrolio gordina, gas naturala eta soja-babak dira, eta nagusiki gasolina, produktu kimikoak eta siderurgikoak esportatzen dira.
Bidaiariei dagokienez, 2024ko denboraldian 280.000 bidaiari izan dira gurutzaontzien eta ferryen artean (+11.161 pertsona eta +% 4ko hazkundea), eta errekorra lortu da bigarren urtez jarraian. Erresuma Batutik eta Irlandatik 147 ferryk geldialdia egin dute, baita 81 gurutzaontzik ere. Gurutzaontzien denboraldia onena da Getxon instalazio esklusiboak inauguratu zirenetik.
2024ko ekitaldian trafikoek izan duten hazkundea gorabehera, Portuko Agintaritzak bere 2023-2026 Plan Estrategikoan adierazitako asmo handiko helburuei eusten die, eta proposatutako helburuak lortzeko lanean jarraituko du.