2015ean, Bilboko itsas portuko trafikoa 32,5 milioi tonakoa izan da, alegia, % 5,12 hazi da (+ 1,6 milioi tona), tokiko trafikoa eta zuzkidura kontuan hartu gabe).
Trafikoa hirugarren urtez jarraian hazi da (2013/2015 tartean % 12,11), ontziratu gabekoen trafikoaren igoeraren ondorioz (+ % 11), bereziki, petrolio gordinaren, gas naturalaren, gasolioaren eta gasolinaren igoeraren ondorioz. Hain zuzen ere, talde horrek metatu zuen galera gehien krisi ekonomikoaren ondorioz 2007-2012 bitartean.
Ontziratu gabeko produktu solidoak % 1,4 jaitsi dira; kontainerretan garraiatzen dena, % 2,2, eta merkantzia arrunta, berriz, % 2 inguru. Jaitsiera horiek gertatu dira ikatza eta kokea, txatarra eta autoen piezen trafikoak jaitsi egin direlako. Baita 2014ko abenduan Transfennicaren Zeebruggerako linea eten zelako ere.
Kontainer-kopurua ez da gehiegi aldatu, iaz inoizko emaitzarik onenak lortu ondoren: % 0,5 jaitsi dira, eta 627.302 TEU-n geratu da. Bestalde, kontainer hoztaileak % 23 hazi dira; horrek berresten ditu Bilboko portuak produktu galkorren banaketa-zentro gisa dituen abantailak.
Bestalde, portuko instalazioetara trenez sartzen den edo handik trenez ateratzen den trafikoa % 5 hazi da. Operazio-kopurua 4.186koa izan da; horietatik 3.419 portuko terminaletara joan dira (2014an baino % 7 gehiago).
Merkatuak
Kanpoko trafikoaren % 65 inportazioei dagokie, eta gainerako % 35a, berriz, esportazioei. Deskargak % 5 hazi dira, eta kargak, berriz, % 4.
Europa Atlantikoak segitzen du Bilboko portuaren merkatu nagusi izaten (trafikoaren guztizkoaren % 37), baina Ipar Amerika Atlantikoak igoera handia eduki du (% 15), eta dagoeneko trafikoaren % 16 da. Afrika atlantikoa, berriz, % 108 hazi da, eta guztizkoaren % 10 da.
Herrialdeei dagokienez, Erresuma Batua lehen postuan dago (% 24 hazi da), eta segidan Estatu Batuak (+ % 13) eta Mexiko (+ % 22) daude. Tonatan hazkunde handiena izan dutenak Erresuma Batua, Nigeria eta Angola dira.