Bilboko Portuko trafikoa % 7 igo da 2017an, hots, 2016an baino 2,2 milioi tona gehiago mugitu ditu. 2006tik portuak izan duen urteko hazkunderik handiena da iazkoa, eta 34,2 milioi tonakoa izan da trafikoa, bertako trafikoa eta hornidura kontuan hartu gabe. Bestalde, % 18ekoa da jada 2013tik metatutako hazkundea, krisi ekonomikoaren ondorengo susperraldia nabaritzen hasi zen urtetik, alegia.
Emaitza positiboak izan ditu produktu ontziratu guztien trafikoak. Hazkunderik handienak (tonatan) ontziratu gabeko produktu likidoek eta merkantzia hauek izan dituzte: gas naturalak (+811.000 tona), gasolioak (+470.000) eta petrolio gordinak (+277.000). Karga lehorrari dagokionez, berriz, aipatzekoak dira burdin txatarraren (+120.000), produktu siderurgikoen (+101.000) eta beste mineral batzuen (+94.000 tona) trafikoaren hazkundea.
Kontainer-trafikoa, berriz, 604.870 TEU izan da (% 1,37ko hazkundea). Aipatzekoa da, alor horri dagokionez, kontainer hoztaileen trafikoaren igoera ere (+% 2), zeina bat baitator Bilboko portuak produktu galkorren banaketa-zentro izateko egin duen ahaleginarekin.
Bestalde, pisuagatik, luzeragatik, zabaleragatik edo garaieragatik garraiatzeko pieza berezitzat (proiektuak) katalogatuta dauden 5.514 pieza ontziratu dira. Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, handia izan da hazkundea (% 23).
Bidaiari-trafikoari dagokionez, 186.546 pertsonak bidaiatu dute ferryan edo gurutzaontzietan (-% 2). Ferryak 123 eskala egin ditu; gurutzaontziek, berriz, 61. Beraz, 2016an baino hamar gurutzaontzi gehiago izan ditugu iaz, eta markak hautsi ditugu, Getxoko itsas estazio berria estreinatu dugun urtean, hain juxtu ere.
Europa atlantikoak jarraitzen du izaten eremu nagusia: % 41eko merkatu-kuota du. Atzetik datoz Ipar Amerika atlantikoa eta Afrika atlantikoa. Herrialdeka, Erresuma Batua da nagusi, beste behin ere, % 16ko hazkundea izan baitu. Sendotu egin da, beraz, Bilbok herrialde horrekiko duen harremana, lehena baita Espainiako portuen zerrendan. Bigarren eta hirugarren merkatuak, berriz, Mexiko eta Estatu Batuak dira.
Negozio-bolumena % 5 igo da; horri esker, jaitsi egingo dira portuko tasak
Negozio-zifraren zenbatekoa 68,8 milioi euro izan da, hots, % 5,47 hazi da 2016koarekiko (65,2 milioi). Sortutako baliabideak, berriz, 37,0 milioi euro izan dira.
Ez da beste banku-zorpetzerik egin, eta banku-zor garbia 39,8 milioi eurokoa da, EBITDA halako 1,08; beraz, portu-sistemaren batez besteko zorpetzea baino askoz txikiagoa da, hura EBITDA halako 1,56 baita.
Bestalde, 4.211.166 euro jaso dira Europako Batzordetik, TEN-T 2012 Efficient Operations eta CEF 2015 Connecting Europe Facilities azpiegitura-programen bidez, Bilboko Portua handitzeko erdiko kai-muturreko obraren lehen faserako eta Pancorboko tren-terminalerako.
Finantza-egoera onari esker, eta Bilboko portutik merkantziak igarotzearen kostua gutxitzeko eta, hartara, haren lehiakortasuna handitzeko estrategiari jarraikiz, Portuko Agintaritzak 5,6 milioi eurorainoko tasa-jaitsiera gradual bati ekingo dio 2018an (fakturazioaren % 7,5), eta 2022ra arte luzatuko du.
Zehazkiago, 2018an portuko tasak urtean zehar 4,1 milioi euro murriztea aurreikusten da, portuko lurren eta uraren balorazio berriari eta merkantzia-tasaren oinarrizko zenbatekoaren % 10eko jaitsierari esker. Sustapen Ministerioaren onespenaren zain dago lur-balorazio berria; merkantzia-tasaren jaitsiera, berriz, 2018rako Estatuko Aurrekontuen Lege Orokorra noiz argitaratuko zain.