Getxoko gurutzaontzien terminalaren inguruetan, Bilboko Portuko istripuzko itsas kutsaduraren aurkako simulakroa egin da, Portuko Agintaritzak koordinatuta. Bertan, arrakastaz probatu dira Itsasoko Barne Plana, horren ardura duten agenteen arteko koordinazioa eta Portuko uretan ustekabeko kutsadura-egoera bati erantzuteko ekintza azkarra.
Simulakroan, lurrez eta itsasoz, Bilboko Portuko Amarratzaileen, Remolcadores Ibaizabal-en eta Portuko Agintaritzaren beraren hogeita hamar profesionalek hartu dute parte. Simulakroa hidrokarburoek eragindako kutsaduran oinarritu da, eta, eusteko beste bitarteko batzuen artean, 400 metroko hesia zabaldu da.
Bilbao da mota horretako larrialdiei erantzuteko bitarteko propio gehien dituen Europako portuetako bat. Itsas kutsaduraren aurka borrokatzeko, Portuko Agintaritzak lau edukiontzi ditu, hainbat euste-hesi dituztenak, 1.650 metrokoak. Ekipamendu horrekin batera, Petronor, Tepsa eta Eserguiko hesiak daude, baita
Amarratzaileen eta Remolcadores Ibaizabal-en baliabideak ere. Bilboko Portua, halaber, salgai arriskutsuek sor ditzaketen ezbeharrei erantzuteko gaitasunari dagokionez Estatuko portu-sistemaren buruan dago.