Bilboko Udalak izapideak hasi ditu Portu Agintaritzaren egoitza ekipamendu pribatu modura sailkatzeko.
- Aldi berean desafektazio-prozesua izapidetzen ari da. Campo Volantineko jauregitxoaren hirigintza-arloko sailkapen berriarekin batera, enpresa pribatu batek hura erosteko aukera ekarriko du horrek, hain zuzen, ekipamendu pribatuko jarduera garatzeko; esate baterako, hotelaren jarduera. Berezitasun arkitektonikoari eutsi zaio.
- Portu Agintaritzak salgai jarriko du etxea, neurri handiegietako espazioa delako. Hala ere, sozietatearen egoitzak Bilbon jarraituko du.
- Bilboko Udalaren Plangintzarako Aholku Batzordeari aurkeztu zaio gaur proposamena. Aurrerago ere organo horri bidali beharko zaio eta jendaurreko informazio-aldia egin beharko da Bilboko Udalbatzak hasiera batean, behin-behinean eta behin betiko onartu baino lehen eta udalaren izapideak amaitu aurretik.
- Plangintzarako Bilboko Aholku Batzordea parte hartzeko eta eztabaidatzeko sektoreko kontseilua da. Honako eragile hauek esku hartzen dute bertan: auzokide-elkarteek, ingurumena babesteari eta hirigintzari lotutako erakundeek, helburu sozialak zein ekonomikoak dituzten elkarteek, eta udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek.
Bilbon, 2017ko uztailaren 11n. Bilboko Udalak, Plangintzarako Aholku Batzordearen bidez, izapideak hasi ditu indarrean dagoen Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aldatu eta Bilboko Portu Agintaritzaren oraingo egoitza, Campo Volantinen dagoen eta jendeak Olabarri jauregia izenaz ezagutzen duena, hirigintza-arloan ekipamendu pribatu gisa sailkatuta geratzeko. Eraikinak, hirigintza-arloko erabilerari dagokionez, “ekipamendu publikoa” izatetik “ekipamendu pribatua” izatera pasatuko da. Horrela enpresa pribatu batek erosi ahalko du. Eraikinak babestuta duen zatian berezitasun arkitektonikoari eutsi beharko dio.
Horrela bada, Bilboko Portu Agintaritzak eraikin guztiaren desafektazio-prozesua hastea erabaki du. Eraikitako azalera 4.000 m2–koa da eta erakunde horrek orain dituen beharretarako gehiegizkoak dira neurri horiek, are gehiago duela lau urte Bilboko Portuak Santurtzin dituen kaietara bulego orokorrak aldatu zituenetik.
Portu Agintaritzaren ekimen honen xedea ez da espekulatiboa, arrazoizkoa eta publikoa baizik. Ekimenak eraikin berezi hori bere hartan mantentzea ekarri behar du, baita eraikinaren barrura sartzea ahalbide diezaion erabilera baten bidez hiriari balioaren ekarpena egitea ere. Erabilera horren barruan, bai Biloko Udalak, bai Portu Agintaritzak, uste dute ondoen letorkeen erabilera hotel bereziarena izan daitekeela, hiriarentzat probetxamendu egokia ez ezik, bezeroentzat zabalik egonik, gizarte-mailan iraunkortasun bat ere izango lukeelako.
Eraikin hori saltzeak ez dakar berekin Portu Agintaritzak egoitza Bilbon edukitzeari uztea. Uriaren izena duen portuko agintaritzak beste egoitza alternatibo bat bilatuko du Bilbon, baina orain dituen beharrei erantzuten dien eraikina.
Erabilera aldaketa hau 2018ko lehen seihilekoan amaituta egotea aurreikusita dago.
OLABARRI ‘HOTELA’
1894an Julián de Zubizarreta arkitektoak José María de Olabarri y Massino eta Manuela Zubiria e Ybarra senar-emazteen bizitokia diseinatu zuen, Campo Volantineko leku berezi batean. Orain Bilboko Portu Agintaritzaren egoitza dago bertan. XIX. mendearen azken herenean eraikitako etxe askorentzat jatorri frantsesa duen “hotel” terminoa erabili zuten sarritan. “Hotel” honen obrak 1897ko apirilaren 2an amaitu zituzten. Campo Volantin pasealekuan garai batean egon ziren jauregitxoetatik gutxi batzuk heldu dira gure egunetara; Olabarri “hotela” horietako bat da.
Bilboko Portu Agintaritzak (garai hartan Portuko Obren Batza) 1953an erosi zuen eraikina eta zabaltzeko lanak egin zituen. Horretarako garai hartako izen oneko arkitekto bi kontratatu zituen: Manuel Galíndez eta haren loba José María Chapa Galíndez.
Gaur egun, eraikinaren hasierako aldeak, 120 urteko historia duenak, berezitasun arkitektonikoagatik A maila du, hots, udalaren hirigintza-arauetan goieneko kalifikazioa. XX. mendearen erdialdean eraikina zabaltzeko egindako lanek babeseko C maila dute. Horiek horrela, Plan Orokorraren aldaketa Bilboko Ondare Batzordeari aurkeztu behar zaio Udalbatzak hasierako onarpena erabaki aurretik.
Bilboko Udalaren Plangintzarako Aholku Batzordea
Plangintzarako Bilboko Aholku Batzordea sortzea adostu zuen Bilboko Udalbatzak 2008ko irailean. Parte hartzeko eta eztabaidatzeko sektoreko kontseilua da. Honako eragile hauek esku hartzen dute bertan: auzokide-elkarteek, ingurumena babesteari eta hirigintzari lotutako erakundeek, helburu sozialak zein ekonomikoak dituzten elkarteek, eta udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek.
Aholkurako organo honen eginkizun nagusietariko bat hirigintza alorrean auzokoen benetako parte-hartzea bermatzea da. Horretarako, udal-plangintza orokorrari buruzko aholkuak eman eta txostenak plazaratzen ditu. Hala, Aholku Batzordean Hiri Plangintzarako Sailak edo beste inork prestatuko dituzten gaien berri ematen da. Bere xedea organoaren kideek gai horiek ezagutzeko aukera edukitzea da, dagozkion espedienteak idatzi baino lehen eta ekarpenak egiteko aukera ematea, udal tramitazioari ekin baino lehen.