Apirilaren 2tik 5era bitartean, Bilboko Portuko kaiak elektrifikatzeko BilbOPS proiektuak erakusle gisa parte hartuko du ‘Connecting Europe Days 2024’ ekitaldian. Ekitaldi hori Europar Batzordeak antolatu du, Europan garraio- eta mugikortasun-sare jasangarri, adimendun eta erresilientea sortzeari buruz eztabaidatzeko.
Zehazki, trafiko erregularreko kaietan OPS teknologia hedatzeko Bilboko Portuko Agintaritzaren ekimen hau Europar Batasunak hainbat programaren bidez lagundutako 70 proiektu berritzaile aurkeztuko dituen eta Bruselako The Square konbentzio-zentroan egingo den erakusketaren parte izango da, etorkizuneko mugikortasunerantz aurrera egiteko helburuarekin EBk garraio-arloan eskaintzen eta bizkortzen dituen proposamen ugarien erakusgarri gisa.
BilbOPS proiektuak Europar Batzordearen dirulaguntza du – CEF Transport 2021-2027 laguntza-programaren bidez -, 14,2 milioi eurokoa, guztira 78 milioi euroko inbertsiorako, eta 2026an martxan jartzea aurreikusten da. Lehenengo fasea, Kai-Mutur Nagusiko A-5 kaian ardaztua, 2023ko abenduan esleitu zen 4,7 milioi eurotan, eta Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoko 4,3 milioiko dirulaguntza du.
Portuan dauden bitartean ontziei energia elektrikoa emateko beharrezkoak diren lanez gain – erregai-kontsumoa eta berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteko eta zaratak eta bibrazioak minimizatzeko – , BilbOPS ekimenak aurreikusten du, halaber, hornitutako energiaren % 100 jatorri berriztagarrikoa izatea, helburua dela 2028an % 50 portuan bertan ekoitzia izatea autokontsumo-erregimenean. Horretarako, garapen jasangarri berriak ezartzeko bidean aurrera egingo du
Portuko Agintaritzak, batez ere eolikoak eta eguzki-energiakoak, eta portuko instalazioetan instalazio fotovoltaikoak instalatzen hasiko da, proiektu honen esparruan.
Connecting Europe Days 2024
2.500 lagun baino gehiago bilduko dira Bruselan lau egunez, Europako garraioari buruzko jardunbide egokiak aztertzeko eta partekatzeko. Bertan EBko estatu kideetako eta inguruko hirugarren herrialdeetako ordezkari politikoak, finantza-erakundeetakoak eta industriakoak bilduko dira, bai eta garraio-sektoreko esparru guztietako agenteak ere, EBko Itun Berdean eta Mugikortasun Jasangarri eta Adimendun Estrategian ezarritako asmo handiko helburuak ardatz izango baitira.
Aurtengo ekitaldian, lau gai nagusi landuko dira: Europa barneko garraio-sarearen (TEN-T) bederatzi ‘Europako garraio-korridore’ berri abiaraztea eta hirugarren herrialdeetara bere hedatzea; erresilientzia eta klima-aldaketaren aurrean egokitzeko neurriak; sarearen eta inguruko beste herrialde batzuen arteko konektibitatea eta merkataritza-fluxu arinak ezartzeko prestaketa; eta garraioaren azpiegiturako proiektuetarako finantzaketaren eta finantzaketa-aukeren etorkizuna.