Bilboko Portuko Agintaritzako, Zierbenako Udaleko eta beste erakunde batzuetako ordezkariak bisitan izan dira produktu likidoak (bereziki, kimikoak) kargatzeko/deskargatzeko TEPSAk Bilboko Portuan martxan jarri berri dituen trenbide-instalazio berrietan.
Bazterbidearen edukierak aukera ematen du astean zazpi konboi kargatzeko eta deskargatzeko, eta urtean 300.000 tonako mugimendua izateko. Lehenengo eragiketetan, atmosferara gutxi gorabehera 650.000 kg CO2-emisio gutxiago isurtzea aurreikusten da, errepideko garraioa trenera bideratuko baita.
Bazterbideak bide nagusi bat du, 384 metroko luzera duena, eta bide osagarri bat 84 metrokoa. Erreiaren luzera 936 m-koa da, kontzesioaren irteeraraino, eta han portuko bidearekin bat egiten du.
TEPSAk Bilbon duen terminalak ontziratu gabeko 320.000 m³ produktu likido (batez ere, petroliotik eratorritakoak,
likido kimikoak eta bioerregaiak) biltegiratzeko ahalmena du. 79 tanke banatuk osatzen dute, eta oliobideen sare nazionalera eta Petronorren findegira konektatuta dago.