Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak goizean aurkeztu dute foru suhiltzaileei Bilboko Portuko egoera errealetan entrenatzea ahalbidetuko dien eta larrialdietako egoera ezberdinak simulatzen dituen errealitate birtualeko simulatzailea. Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua mota horretako teknologiarekin entrenamenduak egingo dituen Estatuko lehenengo larrialdietako zerbitzua da, orain arte alor aeronautikoan eta militarrean erabili baita, kostuak oso altuak direlako. Azken hiru urteetan zehar asko garatu da errealitate birtualeko teknologia, eta horri esker teknologia hori garatzen dutenentzat eskuragarria bihurtu da, demokratizatu egin delarik eta kostuak ere jaitsi egin direlarik.
Errealitate birtualeko simulatzaileari esker Bizkaiko Foru Aldundiko 76 agintarik trebakuntza jasoko dute, nagusiki kabuek eta sarjentuek, beraiek baitira lehenengo irteeran esku hartzen dutenak, eta ariketa bukatzean, simulatzaileak une bakoitzean hartutako erabakiak ebaluatuko ditu. Bereziki, simulatzailean txertatzeko hiru esku-hartze egoera diseinatu dira Bilboko Portuko lehenengo faserako, hauek: salgai arriskutsuak dituen ibilgailu batek jasandako istripua, sute bat portuko biltegian eta prebentzioko erretentzio bat.
Simulatzaileak testuinguru errealistak eskaintzen ditu, eta bertan modu seguruan jardun daiteke erabiltzen ari diren espazio errealetan, eremu hori ebakuatu beharrik gabe. Gainera, teknologia horri esker bizitza errealean erreproduzitzeko ezinezkoak diren larrialdi-egoeretan entrenatzea posible denez, simulakro ohikoen osagarri ezin hobea da.
Simulatzailearen agertokiak sortzeko erabili den teknologia Unity3D deitutako bideo-jokoen eta simulazioen motor batean oinarrituta dago, eta kasu bakoitzean Bilboko Portuan lan egiten duten suhiltzaileek dituzten beharrei egokitzen da. Hala, une berean pertsona bat baino gehiago trebatu daitezke, eta gainera, ariketa guztiak aztertu ahal izateko estatistikak sortzen ditu simulatzaileak. Gainera, simulazioan zenbait ezusteko aldagai sartu daitezke, besteak beste muturreko baldintza meteorologikoak edo egoera arriskutsuak, suhiltzaileetako agintariek duten erreakzio-ahalmena proban jarriz.
Agertokien diseinua argazkien bidez eta mapa-aplikazioen web zerbitzarien bitartez gauzatu da, eta horri esker, 3D irudiak eraiki ahal izan dira. Uriosteko Suhiltzaile-Etxeko Trebatze Gelan instalaturik dauden zenbait sentsorek zedarritzen dute entrenamenduko gunea, halako moldez non aplikazioari konektaturik dauden betaurreko bereziak ipini behar baitira agertokian murgildu ahal izateko. Eragingailu horrek aginduak jasotzeko aukera ematen digu, agingailu berezien bidez zein ahoz; horrezaz gainera, bi pantaila ere baditu: alde batetik, gainbegiratze-pantaila, eta bestetik, entrenatzen dabilen
pertsona betaurreko bereziokin ikusten ari den irudia islatzeko pantaila. Horrela, gelan pertsona bat baino gehiago izanez gero, uneoro hartzen diren erabakiak aztertu daitezke.
Aldundiaren eta Portuko Agintaritzaren arteko Hitzarmena
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak 1996. urtetik aurrera duten hitzarmenari esker abiarazi ahal izan da errealitate birtualeko simulagailu hau. Hitzarmen horren bidez, Aldundiko suhiltzaileak “Bilboko Portuan esku hartzeko Taldea” izango da, Portuaren Autobabeserako Planean jasotzen denaren arabera. Bestalde, Bilboko Portuko Agintaritzak honako konpromiso hau hartu du: Aldundiko suhiltzaileei Portuan gerta daitezkeen ezbeharretan esku hartzeko ekipo teknikoak eta trebakuntza berezia zuzkitzea, Portuaren berezitasuna kontuan hartuta.
Hitzarmen honi esker, Bilboko Portua aitzindaria da Estatuko portu-sisteman, merkatugai arriskutsuek eragin ditzakeen balizko ezbeharrei aurre egiteko gaitasunari dagokionez.
Egungo hitzarmena 2011. urtean sinatu zen, eta urte horretatik aurrera Portuko Agintaritzak ondoko hauek zuzkitu dizkie Bizkaiko suhiltzaileei: esku hartzeko edukiontzi egokitua (larrialdi kimikoetarako erabiltzen dena); kamioia (garabia, larrialdietarako sorgailua, saiako ponpa eta leherdura-atmosferetan jarduteko gai den orga jasotzailea dituena); larrialdi kimikoetan esku hartzeko ekipaturik dagoen hiriko ponpa arina; 2 kilometroko luzera duen ur-linea mugikorreko edukiontzia; merkatugai arriskutsuen ihesak edukiontzi batean jasotzeko Rolltrailerra; esku hartzeetarako 440 soineko (soinekoon diseinua eta prestazioak Aldundiko suhiltzaileen euren iritzien arabera diseinatu dira); eta amaitzeko, azken belaunaldiko hiriko ponpa astuna.
Ekipamendu horiek ez ezik, errealitate birtualeko simulagailua ere zuzkitu da. Zortzi hilabete jo dute proiektu hori garatze aldera, eta 97.000 euroko inbertsioa egin da. Guztira, Portuko Agintaritzak Bizkaiko Foru Aldundiaren Su Itzaltze eta Salbamendu Foru Zerbitzuarentzat ekipamenduaren alorrean egin duen azken bost urteotan egin duen inbertsioa 1.200.000 eurokoa da.