Fruta eta barazkien sektoreak logistika arina, segurua eta trazagarria behar du, eta ezaugarri horiek dira Bilboko Portuak kargatzaileei eta operadore logistikoei eskaintzen dizkienak. Otsailaren 8tik 10era Berlinen egingo den Fruit Logistican aurkeztuko ditu Portuko Agintaritzak lehiatzeko abantaila horiek. Munduko fruta eta barazkien azoka nagusian 87 herrialdetako erakusketariak eta 72.000 bisitari profesional baino gehiago bilduko dira, produktu freskoen nazioarteko merkatuko etorkizuneko joerak, berrikuntzak eta gaiak aurkezteko eta ezagutzeko.
A61 standean (hall 25), Portuko Agintaritzak bere ahalmen handiko Mugako Kontrol-Postua ezagutaraziko du. 24/7 lanean dihardu, merkataritza elektronikoko plataforma batek haren funtzionamendua koordinatzen duela, ahalik eta arintasun handiena bermatzeko. Instalazio hori edukiontzien terminalaren ondoan dago, automatizazio-maila handia du eta 540 entxufe-hartune ditu reefer edukiontzientzat.
Portu honek, gainera, ro-ro eta xede anitzeko terminalak eta galkorren biltegiak ditu. Batetik, Frioport hotz-terminalak 4.800 metro koadro ditu, 16.300 metro kubikoko bi izozte-ganbera -25 gradutan, eta hiru hotz-ganbera positibo, 7.500 metro kubikoko edukierarekin.
Progecok, berriz, salgaiak biltegiratzeko eta ontziz aldatzeko bi instalazio ditu, hotz positiboko 6.000 metro koadrokoak. Gainera, enpresa horrek hozteko edukiontziak biltegiratzen, mantentzen eta konpontzen ditu, eta, horretarako, hainbat
profesional ditu, edozein gorabeherari erantzuteko, bai egituran, bai hozteko makinetan, urteko 365 egunetan ontzi-enpresei eta sektoreko bezero guztiei zerbitzua emateko, hotz-kateko itxaronaldiak eta hausturak saihestuz.
Mundu osoko 800 portu baino gehiagorekin lotuta eta produktu galkorren trafikoan esperientzia handia izanik, Erdialdeko Amerikako, Hego Amerikako eta Hego Afrikako produktu freskoen inportaziorako eta Europako iparralderako esportaziorako hub gisa jarduten du Bilboko Portuak. Nabarmentzekoa da Erresuma Batuarekin eta Irlandarekin barazkien eta fruten merkataritzan izandako ibilbide luzea.
Bilboko Portuaren inguruan dago Mercabilbao, Iberiar Penintsulako iparraldeko eta Frantziako hegoaldeko elikagai galkorren banaketa-zentrorik handiena, autobide-sarearekin lotura zuzena duena.