Bob Barker itsasontzi ospetsua (Sea Shepherd nazioarteko fundazioarena) hartuko du Bilboko Portuak Getxon duen gurutzaontzi-terminalak larunbatean, hilak 3, eta igandean, hilak 4. Asteburu osoan, itsasontzia doan bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 17:00etara.
Horren aurretik, martxoaren 2an, ospakizun bat egingo da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan, eskifaiari harrera egiteko, eta omenaldia joan den azaroan Zarautzen balea bat salbatu zuten surflariei.
Lehenengoz porturatuko da Bob Barker Iberiar penintsulan. Sea Shepherd nazioarteko mugimenduaren flotako ontzirik garrantzitsuenetako bat da, eta historiako itsas jazarpen luzeenaren errekorra du: 20.000 km egin zituen arrantza-ontzi pirata batzen atzetik (Thunder), zeina legez kanpo ari baitzen arrantzan Antartidan eta Interpolek bilatzen baitzuen. Ontziarekin batera, Sea Shepherd Globaleko goi-karguak iritsiko dira, zuzendari nagusia, Alex Cornelissen kapitaina, buru dutela.
Bilboko Portuko egonaldian, itsasoaren aldeko zenbait ekintza egingo dituzte beste zenbait erakunderekin batera; besteak beste, Itsas Museoarekin eta Getxoko Udaleko Ingurumen Alorrarekin.
Sea Shepherd fundazioa Paul Watson kapitainak sortu zuen 1997an, eta, ordutik, ozeanoak eta haietako bizidunak babesteko zuzeneko ekintza ez-bortitzak egiten ditu, Nazio Batuen Naturaren Aldeko Araudiari jarraituz.