Anbereseko Breakbulk Azokan, 518 H4 standean, izango dira Bilboko Portuko ordezkariak maiatzaren 14tik 16ra, UniportBilbao elkartearen eskutik, Bilboko Portuaren lehiakortasun-abantailen berri ematen.
2012an, 3, 2 milioi tonakoa izan zen edukiontziz garraiatzen ez den merkantzia orokorraren zirkulazioa Bilboko portuan. Multzo horri dagokionez, produktu siderurgikoak izan ziren merkantzia nagusia; ondoren, makineria, ordezko piezak, papera eta paper-orea. Hazkunde handienak, berriz, beste produktu metalurgiko batzuek eta eraikuntzako materialek izan zituzten.
Merkatu nagusiak hauek izan ziren: Belgika, Erresuma Batua, Herbehereak, India eta Txina. Azpimarratzekoa da Indiaren eta Aljeriaren hazkundea, produktu siderurgikoen zirkulazio-handitzeadela eta.
Enpresa hauek dihardute Bilbon merkantzia orokor arruntaren garraioan: Arab Lines, BBC Chartering, BSLE, Chipolbrok, CCNI, DLL-DFDS Lys Line, Empross Line, Euroáfrica, Finnlines, Gearbulk, HMM, Ilva, Intraha, Jumbo, Nirint, Normed, Onego, Rickmers, Safmarine, Sloman, Spliethoff´s, Tata Steel, Thyssen, UAL eta Westfal.
Ro-Ro zirkulazioa
Ro-Ro zirkulazioa, berriz, edukiontziz garraiatzen ez den merkantzia orokorraren % 29a izan zen. Bilboko Portuak zirkulazio-mota horretan espezializatutako bi kai ditu zamaketa-enpresentzat. Batetik, Bizkaia Kaia, non Finnlines-ek jarduten duen Consignaciones Toro y Betolaza enpresaren bidez. Linea zuzen bat du San Petersburgorekin. Bestetik, A-3 kaia, itsasoko autobideetan espezializatua. Hor jarduten dute Transfennica Iberiak (bi zerbitzu, astean, Zeebruggera) eta Brittany Ferriesek (Portsmoutherako ferrya, astean bitan, eta Poolerako zerbitzua, astean behin).
Proiektutan espezialistak
Euskal Herriko industriak zenbait karga berezi ekoizten eta hartzen du; besteak beste, honako hauek: galdarak, autobusak, tren- eta metro-bagoiak, ontzietarako helizeak, transformadoreak, aerosorgailuak, pala eolikoak eta abar.
Ontziratze berezitan oso espezializatuta dago Bilboko Portua. 2012an, 4.000 bat garraio berezi atera ziren portuko instalazioetatik, haietako batzuk 606 tonako pisua eta 80 metroko luzera zutenak.