Erresuma Batuarekin zerbitzuaz arduratuko den ferry berria eraginkorragoa eta ekologikoagoa izango da, bidaiariko %46 CO2 aurreztuko du, bidaiarien edukiera %10 hobetuko du eta karga-espazioa %28 handituko du.
Brittany Ferries-eko Galizia ontzia Bilboko Portura itzuli da, bere bikia Salamanca ontzia, Frantziako konpainiaren modernoena, 2022an iristeko beharrezko probekin jarraitzeko.
Espainia eta Erresuma Batuaren arteko distantzia luzeko ibilbideetan erabiliko den Salamanca ontzia eraginkorragoa eta ekologikoagoa izango da, GNL (gas natural likidotua) erregaiarekin nabigatuko baitu. Bere etorrera prestatzeko, Portuko Agintaritza egokitze-lanak egiten ari da atrakalekuan, eta Repsol konpainiak gas zerbitzugune bat eraikiko du gas natural likidotua hornitzeko.
GNL erregaiak ez du ia sufre dioxidorik, nitrogeno dioxidorik edo partikula-emisiorik isurtzen errekuntzaren ondoren eta, gainera, gas natural likidotua diesela baino modu eraginkorragoan erretzen denez, karbono dioxidoaren (CO2) ekoizpena %25 inguru murrizten da.
Salamanca Bilboko Portuan jardungo den Brittany Ferries-en lehen gas-ontzia izango da, eta 2023an Santoña elkartuko zaio. 42.000 tonako edukiera izango du, eta konpainiari zerbitzua egingo dion ontzirik handienetako bat izango da. 215 metroko bere luzerak flotako luzeena egingo du. 1.015 bidaiari eraman ahal izango ditu eta 2714 metro linealeraino bidaiari-ibilgailuak eta kamioiak eraman. Erregai-kontsumoan eta emisioetan asko aurrezten lagunduko du eta, aldi berean, bidaiari-edukieraren %10 hobetuko da, eta kargatze-espazioaren %28.
Salamanca bezalako E-Flexer ontzi bakoitzak berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak nabarmen murriztuko dituela agintzen du. Ontzi horiek ere arinagoak dira, isilagoak eta bibrazio gutxiago dituzte eta, ondorioz, itsasoan leunago erabiltzen da, bidaiarien mesedetan.
Eraikitzerakoan, arreta berezia jarri zaie erregai gutxi kontsumitzen duten propultsio-instalazioei, eta kroskoaren eta brankaren diseinu luze eta meheari. Marruskadura murrizten eta itsaspeko kaskoa estaltzen duen
silikonazko pinturak ere erregai gutxiago kontsumitzen laguntzen du; helizearen eta lemaren diseinuak, berriz, maniobrak errazago egiteko aukera ematen du. Dena pentsatu da ontzia eraginkorragoa izateko eta, horrela, karbono-aztarna nabarmen murrizteko.
Aldaketa horiek guztiek bidaiariko %46 CO2 inguru aurreztea ekarriko dute, konpainiaren distantzia luzeko ibilbideetan gaur egun dauden ontziekin alderatuta.
Energia-trantsizioaren aldeko apustua
Roberto Castilla Brittany Ferries-eko Espainiako zuzendariaren hitzetan, “Galicia ontziarekin azken proba teknikoak egiten ari gara, “Salamanca” ontzia Bilbora 2022ko udaberrian iristeko prestatzeko. Garapen jasangarriarekin konprometituta gaude, eta abantaila handiak eskaintzen dituen GNL da gure apustua, ingurumenari dagokionez, poluitzaile atmosferikoak eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten baititu. Gas natural likidotua energia-trantsizioan funtsezko erregaitzat jotzen dugu, eta horregatik ari gara lanean Bilboko Portuko Agintaritzarekin eta Repsolekin, 2022tik aurrera Bilboko portuan dituen eskaletan Salamanca ontziari gas natural likidotua hornitzeko instalazioak eskaintzeko beharrezko baldintzak betetzeko.”