Compañía Logística de Hidrocarburos (CLH) enpresak petrolio-produktuak biltegiratzeko eta banatzeko Bilboko Portuan eraiki duen instalazio berria inauguratu du. 2006tik portuan duen beste biltegiratze-instalazioaren osagarri izango da.
Instalazio berria eraikitzeko, 18,2 milioi euroko inbertsioa egin da, eta aukera emango du Euskadiko eta ondoko erkidegoetako petrolio-produktuen biltegiratze- eta banatze-sistema hobetzeko; horrez gain, merkataritza-ahalmena ematen du hurrengo urteetarako munduan aurreikusten diren fluxuekiko estrategikoki kokatua dagoen puntu batean, Bilboko Portuan. Hala, bide emango du eskualde horretarako aurreikusten den petrolio-produktuen eskaera gero eta handiagori erantzuteko.
Instalazio berriak zortzi tanga ditu, guztira 123.000 metro kubikoko biltegiratze-ahalmena, eta asmoa da bigarren fase batean 38.000 metro kubikoko hiru tanga prestatzea, zeinek beste 114.000 metro kubikoko ahalmena emango bailukete. Instalazioa lotuta dago konpainiaren beste instalazioari, findegiari, tanga-ontzien pantalanari eta oliobideen sareari, eta, horri esker, malgutasun eta gaitasun operatibo handia ditu azpiegiturak, puntu askotatik jaso eta puntu askotara zabal baititzake petrolio-produktuak. Instalazio horrek malgutasun osoz biltegiratuko ditu gasolina, gasolioa, kerosenoak, bioerregaiak eta beste produktu batzuk.
Halaber, eraginkortasun, segurtasun eta jasangarritasun handienarekin jarduteko behar diren zerbitzu guztiak ditu, hala nola kontrol-sistemak, euri-urak eta ur hidrokarburatuak jasotzeko sarea, suteen kontrako sistema, segurtasun perimetraleko babesa eta beste laguntza-ekipo batzuk.